Gaga eta Bieber lehian, YouTuben mila milioi bisita lortzeko

Lady Gagaren bideoek 968 milioi bisita izan dituzte orain arte eta Justin Bieberrenek, berriz, 899 milioi. Baina bietako zeinek lortuko du marka haustea?

Musikaren munduan bakoitzak bide ezberdin bat aukeratu badu ere, Interneten lehiakide gogorrak dira Lady Gaga eta Justin Bieber. Izan ere, bi abeslari hauek YouTuben mila milioi bisita lortzeko lehian dabiltza une honetan.

Dena den, azkar bukatuko da lehia, bietako batek laster lortuko baitu bideoen atari ezagun honetako guztiak haustea.

Oraingoz Lady Gagaren bideoek 968 milioi bisita izan dituzte, Youtuben kantariak duen atari ofizialean. Justin Bieberrek, bere aldetik, 899 milioi bisita jaso ditu.

Aurreikusitakoaren arabera, "Telephone" kantu ezagunaren egilea izango da mila milioi bisita lortzen lehena. Hirugarren tokian, berriz, Michael Jackson aurkitzen da, 600 milioi bisitarekin.

Bideoklipik ikusiena

Lady Gaga mila milioi bisitatik hurbilen dagoen artista bada ere, Justin Bieberren "Baby" bideoklipa da Youtuben bisitari gehien izan dituen bideoa.