Bidalitako mezuez damutzeko denbora gehiago emango du Gmailek
30 segundo izango dute orain Gmaileko erabiltzaileek behar bezala bidali ez dituzten mezuak baliogabetzeko.
Askotan gertatzen da lan-eskaintza batera curriculuma bidaltzerakoan artxiboa erantsi gabe uztea, lagun arteko parranda bat antolatzerakoan baten bati mezua ez bidaltzea edota okerreko pertsonari mail bat igortzea.
Horregatik, bidalketa bertan behera uzteko aukera eskaintzea erabaki zuen aspaldi Gmailek. Modu horretan, ''bidali'' tekla klikatu eta segundo gutxira maila baliogabetzeko aukera ematen zion erabiltzaileari. Dena den, denbora tarte hori nahiko laburra zen, hori dela eta, erreminta hori hobetu du Googlek.
Hain zuzen ere, denbora tarte hori 30 segundora arte luzatu du, hortaz, erabiltzaileak bidalitako mezuez damutzeko denbora gehiago du orain. Funtzio hori Labs atalean konfiguratu daiteke.