Lady Gaga, Twitterreko erregina
Duela hilabete batzuk Britney Spears abeslaria Twitterreko erregina bilakatu zen, Ashton Kutcherri aurre hartuta. Orain, berriz, Lady Gaga kantari polemikoak lehen postua kendu dio Spearsi, bera baita aipatutako sare sozialean jarraitzaile gehien dituen pertsona.
Lady Gaga oso pozik azaldu da Twitterreko pertsonaiarik ospetsuena dela jakin duenean eta bere zaleei eskerrak eman nahi izan dizkie Youtube bideoen atarira igo duen bideo bitxi eta ikusgarri batekin. "Kaixo mundua, Lady Gaga naiz. Eskerrak eman nahi dizkizuet nire munstro eder eta txiki guztioi, Twitterreko erregina izaten laguntzeagatik. Gogoratu maite zaituztedala. Eta zuek ere maitatu zuen buruak. Maite zaitut Twitter. Zuen zain izango naiz ''Monster Ball'' biran", dio abeslariak bideo horretan.
Guztira 5.734.532 jarraitzaile ditu Twitterren. Gainera, uztailean Interneteko pertsonaia ospetsuena izendatu zuten, Facebooken eta Youtuben ere milaka jarraitzaile dituelako. Hain zuzen ere, 16.407.318 zale ditu Facebooken eta Youtuben 400.000 pertsonez osatutako talde batek jarraitzen ditu bere bideoak.