'Real Love' bigarren singlea kaleratu du Deloreanek
Ekainean merkaturatu zuten Subiza diskoa nazioartean eta orain bigarren kanta estreinatu dute AEBetan.
Gaur, goizaldeko ordu bietan, "Real Love" Subiza laneko bigarren singlea aurkeztu du talde zarauztarrak, Pitchfork Music Festival (AEB) jaialdiaren baitan.
Laukoteak arrakasta izugarria lortu du nazioarte mailan azken albumarekin eta hainbat herrialdetan izan da dagoeneko. Azarora arte birarekin jarraituko dute eta udan zehar Estatuan zuzenekoak eskainiko dituzte, besteak beste, Santander, Bartzelona, Murtzia, Burgos eta Donostian. Azken kontzertu hori abuztuaren 15ean izango da, Aste Nagusiko jaietan.
Ondoren, Australiara eta Ipar Amerikara itzuliko dira. Aipatzekoa da kontzertu batzuetan Lemonade banda estatubatuarrarekin arituko direla.