Oakley Pro Junior Donostia txapelketa hasiko da gaur

Uztailaren 22tik 25era 20 urte baino gutxiagoko surflaririk onenak bilduko dira Zurriola hondartzan.

Donostiako Zurriola hondartzak Oakley Pro Junior nazioarteko proba hartuko du hirugarren urtez jarraian, gaur eta igandea bitartean. Mundu osoko surflaririk onenak bilduko dira Gipuzkoako hiriburuan, gizonezko zein emakumezko mailetan. Joan de urteko ekitaldian Thomaz Petersen brasildarra izan zen garaile. Donostiako probarekin junior zirkuitu profesionala martxan jarriko da Europan.

Jazoera nazioarteko zirkuitu profesionalean aurkitzen da eta 20 urte baino gutxiagoko surflaririk trebeenek bertan parte hartzen dute. Frantzian (Hossegor eta Lacanau), Portugalen (Ericeira) eta Kanariar Uharteetan (Las Palmas) ospatuko dira aurtengo probak. Sopelako hondartzak ere beste proba bat izango du.

128 parte-hartzaile lehiatuko dira gizonezkoen kategorian eta 36 emakumezkoen kategorian. 7.500 dolar banatuko dituzte sari guztien artean.

Gipuzkoar surfak ordezkari garrantzitsuak izango ditu. Marcos Sansegundo, Mari Azurza, Asier Makeda eta Igor Muniain azpimarratu behar ditugu. Zarauztarrek txapeldun bilakatzeko aukera asko dituzte. Hala ere, Donostiako zaleek Ethan Egiguren eta Borja Agote, bertako surflariak, animatuko dituzte. Nesken artean, Ainara Aimat nabarmentzen da.


Kontzertu eta jarduerak

Zurriola hondartzara hurbiltzen diren guztiek kontzertu eta jarduera ezberdinetaz gozatzeko aukera izango dute. Oakley, lehiaketaren babesle nagusiak, Rolling O Lab deritzon kamioia txapelketa ingurura ekarriko du. Bertan, kontzertuak eta sari zozketak izango dira.