Googlen musika-denda udazkenean iritsiko da ziurrenik

ITunesi lehia zuzena egiteko jarriko du martxan bilatzaile ezagunak sistema berria.

Google marka iTunesi lehia zuzena egingo dion online musika-denda ari da prestatzen eta, ziurrenik, udazkenerako prest izango du guztia. Musikaren merkatuko iturrien arabera, dendak kantuak deskargatzeko eta streaming bidez entzuteko aukerak eskainiko du.

Baina bilatzaile ezagunak, Android sistema eragilearen erabiltzaileei zuzendutako musika zerbitzuak hobetzeaz gain, PC erabilzaileentzat ere hobekuntza horiek aurkeztea du helburu.

Musikaren industriak ongi deritzo Google prestatzen ari den denda berriari eta gustura hartu dute iTunesen nagusitasuna banatuago gelditzea, lehia handiagoa izango baita. Gaur egun, Amazonek eta Myspacek soilik egiten diete lehia.

Googlen proposamen berria online musikaren merkatuaren garapen teknologikoa gertatzen ari den unean gertatuko litzateke. Gainera, iTunesek ere bere zerbitzua streaming baterantz garatuko duela diote merkatuko zurrumurruek, Interneteko sarbidea daukan edozein puntutik bertako musika-sorta entzun ahal izateko.

Spotifyk jada badauka streaminga azken eguneraketaren ostean eta Googlen helburua aukera hori denda martxan jartzerako prest izatea da iTunesen aurkako lehia eragingarritasun handiagoz egiteko.