Google TV jaio da
Google bilatzaileak Google TV telebistarako proiektu berria aurkeztu du ofizialki. Zerbitzu horri esker, erabiltzaileak telebista kateen eta saioen bilaketak egin ahal izango ditu, webean egiten duen modu berean.
"Telebistaren eta webaren arteko hautaketarekin bukatzea" izango du helburu aukera berri honek. Dagoeneko, aipatutako konpainiak, zerbitzu berri honen funtzionamendua azaltzen duen bideo bat eskegi du Interneten.
Wifi bidez eta HDMI erabilita konektatuko da Google TV eta sagua eta teklatua izango ditu osagarri gisa. Android daukaten gailuek Google TV sintonizatu ahal izago dute eta, beraz, ahotsa ezagutzeko dispositiboaren bitartez sintonizatu ahal izango dira kateak. Gainera, bilatzailearen zerbitzu berriak Android 2.1 dauka barneratuta eta Chrome izango da nabigatzailea.
Googlek aitortu du Sonyrekin eta Logitechekin lanean ari dela Google TV telebista dispositiboetan eta Blu-Ray irakurgailuetan barneratzeko. Ziurrenik, udazkenean jarriko dute salgai.
Produktu berria justifikatzeko Googlek eman dituen datuen arabera, mundu osoan 1.000 milioi telebista-ikusle daude eta, esaterako, AEBetako biztanle bakoitzak, batez beste, egunean bost ordu ematen ditu telebistaren aurrean.