Udazkenean iritsiko da Monopoly jokoa bideo-kontsoletara

Hiru dimentsioko taula elektronikoa izango du joko honek eta mahai-joko mitikoaren funtzionamendu antzekoa edukiko du.

Udazkenean kaleratuko du Electronic Arts konpainiak Monopoly Streets bideo-jokoa. Etxeak erostean eta saltzean oinarritzen den mahai-jokoak Xbox360, Wii eta PlayStation 3 bideo-kontsoletarako bertsioak izango ditu orain.

Joko fisikoak duen planteamendu bera izango du, hau da, helburua erostea eta ahal den kale eta eraikin gehien eraikitzea izango da. Hori bai, taula elektronikoa hiru dimentsiotakoa izango da eta jokalariak kaleetan barrena ibiltzeko aukera izango du.

Kalerik garestienek eraikin handiak eta dotoreak izango dituzte eta kale merkeetan, aldiz, etxe txikiagoak egongo dira. Gainera, erabiltzaileak bulego bat izango du eragiketak egiteko

Monopoly Streetsen bakarrik nahiz taldean jokatu daiteke eta jokalariak beste herrialde batzuetako erabiltzaileekin lehiatzeko aukera izango du.

Aurreikusitakoaren arabera, Electronic Artsek PSP-rako bertsioa ere aterako du eta beharbada "Monopoly City"-ren frankizia handituko du ordenagailuetarako.