Iritsi da dendetara Nintendo DS XL bideo-kontsola
Nintendok DS bideo-kontsola eramangarriaren bertsio berriena merkatuan dago jada. Bi pantailak handiagoak dira eta Internetera sartzeko nabigatzailea dauka. Kontsola berria bi koloretan dago eskuragarri: geriza eta txokolate koloreetan, hain zuzen.
Nintendo DSi XL-k 4,2 hazbeteko pantaila du, orain arte kontsola eramangarrietan merkaturatutako handiena. Aurreko bertsioak 3 hazbetekoak ziren.
Gainera, DSi bertsioak bezala, bi argazki kamera, irudiak eta soinuak editatzeko aplikazioa, grabagailua eta soinu erreproduzitzailea ditu eta Nintendoren dendatik joko berriak deskargatzeko aukera ematen du. Bestalde, boligrafo baten tamainako arkatz bat dakar.
2004an Nintendo DS-a merkaturatu zenetik enpresa erraldoi honek atera duen laugarren bertsioa da hau.