"Zulora" proiektu digital berria, Gaztearen eskutik
Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuta, Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en ikusgai egongo den eztabaida saioa da "Zulora". Bogan dauden gaiei buruzko zeresana duten hiru gazte elkartuko dira saio bakoitzean, kezkak, galderak, hausnarketak zein bizipenak konpartitzeko.
"Zulora" proiektuaren muina solasaldia izango bada ere, saioak ondorengo atalak izango ditu: Zulotik at (Julen Portillo tiktoker eta umoregileak saioan jorratzen diren gaiei buruz arituko da kaletik), Hesteetatik larri (gaiari lotutako animazio esketx laburra) eta Bota! (landuko den gaiari buruzko aditu baten ikuspuntua).
Hiru Damatxok ekoitzi du saioa, eta Gaztearen zein EITBren sare sozialen bidez zabalduko da. Lehen atala irailaren 30ean estreinatuko da, Gaztearen Youtubeko kanalean eta eitb.eus-en. Lehen denboraldiak sei atal izango ditu, eta atal berriak bi asterik behin izango dira ikusgai. Saioa entzun nahi duenak EITB Podcasten entzun ahalko du.
Atal bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango du, baina sare sozialetan (Instagram, Twitter, Facebook) saioko unerik onenen laburpenak eta beste hainbat bideo labur izango dira ikusgai.