Ostiraleko berriak: Duplak Herri Urratserako egindako abestia eta Lady Gagaren disko berria

Dupla, Pantxoa ta Pello eta Pisoo musikariek egin dute “Elgarrekin”, aurtengo Herri Urratseko abestia. AEBetan, Lady Gagak 'MAYHEM' izeneko diskoa aurkeztu du, bere estudioko zazpigarren lana.

Ostiralarekin batera iritsi dira asteko musika nobedadeak. Ohiko estreinuez gain, 2025eko Herri Urratseko abestia aurkeztu dute antolatzaileek, Baionan egindako ekitaldian. Dupla talde arabarrak egin du “Elgarrekin” izeneko aurtengo edizioko kanta. Gainera, Pantxoa ta Peio biko ezaguna eta Pisso Donibane Garaziko raperoa gonbidatu dituzte abestira batzeko.

Mario Lezaunek zuzendutako kantaren bideoklip ikusgarria Senpereko lakuan grabatu dute. Bertan ikusi ditugu Duplako Gari eta Beñat, ur gaineko plataformetan, gitarra eta bateria jo eta abesten. Abesti erdi aldera batu zaie Pisoo izeneko garaztar musikaria, baita Pantxoa eta Peio ere. Abestian zehar, ur gainean dantzan ageri diren Angeluko Dantza Taldeko hainbat dantzariz inguratu dira musikariak. Maiatzaren 11n izango da aurtengo Herri Urrats, Senperen.

 

'MAYHEM’, Lady Gagaren zazpigarren diskoa

Gaur goizaldean estreinatu du estatubatuar musikariak MAYHEM, bere estudioko zazpigarren lana. Spotify bitartez emititutako 40 minututik gorako prentsaurreko ikusgarrian, diskoan aurkituko dugunaz aritu da Gaga, eta bertan zeuden kazetari eta zaleen galderak erantzun ditu.

Diskoa fikzioko pertsonaia bat balitz zein izango litzatekeen galdetuta, “azken 20 urteetan ezagutu duzuen emakume hau” (bere buruari erreferentzia eginez) erantzun du artistak. “Niretzat, MAYHEM bizitza errealean eta oholtza gainean naizenaren arteko integrazioa da. Berez ezberdinak diren bi nortasunak uztartu nituen, ni oso bat osatzeko. Beraz, lan honek nire barneko sentsibilitatearen eta kanpora erakusten dudan intentsitatearen arteko tentsio horri eusten dio. Nire kaos pertsonala da”, azaldu du Lady Gagak.

 

14 abestiz osatutako lanetik bat aukeratu beharko balu, “Blade Of Grass” azpimarratu du musikariak: “Michaelek ezkontzeko eskatu zidan momentuaz ari da abestia. Eskatu aurretik, nola eskatuko zidan galdetu zidan. Eta esan nion nahikoa zela lorategitik belar bat hartu eta horrekin eraztun bat egitea. Hala egin zuen, eta hemen daukat belarrez egindako eraztun hori”.

Diskoko kantez aritzeaz gain, zaleak aztoratu dituen berri bat aurreratu du prentsaurrekoan: “Telephone” abestiak 15 urte bete dituen honetan, bigarren bertsio bat egingo du.