BRIT Sariak: Charli XCXen bost garaikurrak, The Cureren izendapen historikoa eta Lola Young, Sabrina Carpenter eta JADEren ikuskizunak
Martxoaren 1ean banatu dituzte Erresuma Batuko musikaren BRIT Sariak, Londreseko Arena 02 estadioan. Charli XCX izan da gaueko protagonista nagusia, bost sari eskuratuta: artista onena, disko onena, abesti onena (Billie Eilishekin egindako “Guess”i), urteko konposatzailearena eta dance artista onenarena.
Artista onenaren saria jaso ostean, hitz hauek esan ditu Essexeko artistak: “Beti sentitu naiz ‘outsider’ britainiar musikaren industrian, eta asko eskertu dut disko honek jaso duen aitortza. Ni ez naiz batere aldatu; agian kultura gure parean jarri da eta gure bidai honen parte izan nahi du orain”. Hala, norbere buruan sinetsi eta konfidantzaz jokatzen jarraitzeko gonbidapena egin die artista gazteei.
Dance artista onenaren garaikurra eskuetan duela, bere erreferenteen zerrenda errepasatu du eskertze mezuan: “Besarkada bat Justice, Daft Punk, SebastiAn, Honey Dijon, Robyn, Arca, M.I.A, Autechre, Aphex Twin eta, nola ez, gu denok honaino ekarri gaituen horri, Sophieri”.
Bestela, Ezra Collectivek eraman dute urteko bandaren saria; eta The Last Dinner Partyk, ostera, artista berri onenarena. JADEk eraman du pop artista onenaren garaikurra, RAYEk R&B artista onenarena eta Stormzyk hip-hop artista onenarena.
Zuzeneko ikuskizunak
Sabrina Carpenterrek britainiar ikurrak omendu ditu oholtza gainean, eta Londreseko Backingham Jauregiko guardiaz inguratuta kantatu ditu “Espresso” eta “Rule Britannia”. Bukatzeko, “Bed Chem” abestu du Arena 02ko publikoaren aurrean, bihotz itxurako plataforma batean igota.
JADE britainiar musikariaren zuzenekoa izan da gaueko show ikusgarriena, “Angel of My Dreams” abestiaren bideokliparen interpretazio bitxiari esker.
Lola Young eta The Last Dinnner Party artista berriek ere jo dute zuzenean, baita Sam Fenderrek ere. Bukatzeko, Ezra Collective banda Jorja Smithekin batera agertu da oholtza gainera, “Ajala” eta “Little Thing” abesteko.
Chappel Roan, nazioarteko izar nagusia
Nazioarteko kategorietan, Chappel Roan estatubatuarra gailendu da, urteko artista eta nazioarteko abesti onenaren kategorietan. Taldeari dagokionez, ostera, Fontaines D.C. irlandarrek eraman dute BRIT Saria.
Bitxikeria gisa, The Cure talde ezagunak lehen izendapena jaso du aurtengo Brit sarietan (Song of a Lost World diskoari esker), 30 urte eta gero.
Akademiak One Directioneko Liam Payne omentzeko tartea hartu zuen. 2024an hildako musikari gazteak musikaren industrian utzitako arrastoa nabarmendu zuen Jack Whitehall galako aurkezleak.