ETSren kontzertu hirukoitza: herrietako jaiak omenduko dituen egun osoko programazioa eta EiTBn zuzenean jarraitzeko aukera
Martxoaren 15, 21 eta 22rako sekulako festa prestatu du ETSk Bizkaia Arenan (BEC), taldearen 20. urtemuga ospatzeko. “Euskarazko musikaren ekitaldirik handiena” deitu diote 45.000 pertsona bilduko dituen hitzordu hirukoitzari.
Azken kontzertuaren eguna, martxoaren 22a, izango da bereziena. Herrietako jaiak omenduko dituen BBK Herriko Plaza izeneko egun osoko jaia egingo dute BECeko 2. pabilioian, eta kontzertuak jarraipen berezia izango du EiTB taldeko hedabideetan.
BBK Herriko Plaza
Martxoaren 22an, adin tarte guztietako publikoarentzat pentsatutako egitaraua izango da BECeko 2. pabilioian, goizetik hasi eta iluntzera arte. Miren Nogales eta Antton Telleriak botako dute txupina, eta herri kirolak, haurrentzako jarduerak eta kalejirak izango dira, egun osoan zehar.
Gainera, Puro Relajoren musika mexikarra, Joselu Anaiak taldearen erromeria eta DJ Bullen musika aukeraketaz gozatzeko aukera izango da. Martxoaren 22ko sarrera erosi dutenek soilik izango dute sarbidea BBK Herriko Plazara.
EiTBren jarraipen berezia
Martxoaren 22ko kontzertua zuzenean emango da, 21:30etik aurrera ETB2n. Xabier Garcia Ramsdenek aurkeztuko du zuzenekoa, eta EiTBko irratien, gaztea.eus-en eta Primeranen bidez ere jarraitu ahal izango.
Kontzertuaren aurreko egunetan, ETSren ibilbidea errepasatu eta taldea gertutik eta sakon ezagutzeko aukera izango dugu, EiTBko hedabideek eskainiko duten programazio bereziari esker.
Antolatutako autobus bidaiak
Joan etorriak errazteko, eguneko autobus bidaiak antolatu dituzte. divertisenvivo.com webgunean erreserbatu ahal izango dira eta Altsasu, Zornotza, Arrasate, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Durango, Eibar, Ermua, Errenteria, Gernika, Irun, Iruñea, Guardia, Lizarra, Oñati, Oion, Tafalla, Tolosa, Gasteiz eta Zarautzetik abiatuko dira.