Super Bowleko atsedenaldia: Kendrick Lamar eta Draken arteko liskarra, SZA eta Serena Williamsen dantza

Samuel L. Jacksonek aurkeztu du Kendrick Lamar, Tom osabaz jantzita. Kaliforniar musikariak ikuskizun aparta eskaini du, SZA eta DJ Mustard kideen laguntzarekin. Donald Trump presidentearen presentziak eztabaida piztu du sare sozialetan.

Kendrick Lamar eta SZA, 2025eko Super Bowleko atsedenaldian. Argazkia: EFE

Igandean jokatu da NFL ligako final handia, New Orleanseko Caesars Superdome estadioan. Kendrick Lamar izan da atsedenaldiko artista gonbidatua, SZA eta DJ Mustardekin batera.

Philadelphia Eagles eta Kansas City Chiefs taldeak lehiatu dira aurtengo finalean, 40-22ko emaitzarekin. Partidako atsedenaldian, Kendrick Lamar rap musikari kaliforniarrak 14 minutu inguruko zuzeneko ikuskizuna eskaini du. Samuel L. Jackson aktoreak egin dio aurkezpena, Tom osabaz (AEBEtako iruditeriko pertsonaia) jantzita.

Urtero legez, eztabaidaz blaitutako ikuskizuna izan da. Izan ere, rap musikaren jarraitzaileek Lamarrek Drake musikariarekin duen urteetako lehia oholtza gainean islatuko ote zuen zalantza zuten. Eta halaxe izan da: musikariak “Not Like Us” (pederastia akusazioak dituen Drakeri zuzendutako abestia), kantatu du Caesars Superdomeko oholtzan. Hala ere, Super Bowleko atsedenaldian ohikoa den bezala, Lamarrek abestiko hitz zatarrak kendu behar izan ditu.

Zazpi minutu inguruko errepertorioaren ostean, SZA musikariak hartu dio lekukoa Kaliforniako raperoari. Elkarrekin abestu dituzte “Luther” eta “All the Stars”, datorren apirilean AEBetan barrena abiatuko duten 19 kontzertuko biraren aurrerapen gisa. Bukatzeko, DJ Mustard igo da oholtza gainera.

Ikuskizun osoan zehar, dantza talde handi baten laguntza izan du artistak. Horietako batek publikoaren arreta deitu du, bereziki: Serena Williams tenis jokalaria dantzan agertu da oholtza gainean, zaleen harridurarako.

Ikuskizuna, osorik

Izarren katalogoa, gonbidatuen artean

Pertsona ezagun ugari bildu da amerikar futbolaren zita handian. Bertan izan dira Lady Gaga, Taylor Swift, Ice Spice, Peso Pluma eta Tech N9ne musikari ezagunak; baita Kevin Costner, Adam Sandler, Bradley Cooper eta Pete Davidson aktoreak ere.

Armarrietan ikusitako aurpegi ezagunen artean, baina, Donald Trumpen presentziak hautsak harrotu ditu. Bada, historian estreinakoz, AEBetako presidentea ikusle gisa agertu da Super Bowleko finalean.