Gure musikarien urte zaharreko emanaldiak, kanpaiak Gasteiztik, euskara TVEn eta Javien festa
Gasteizko Plaza Berritik eman genion hasiera 2025ari, Julen Telleria, Ilaski Serrano eta Iñigo Agirreren eskutik. Kanpaien ostean, Bulegoko Tomek "Gure Bihotzaren Taupadak" abestia jo zuen, zuzenean, Gasteizen.
Kanpaien aurretik eta gero, ostera, musikaz beteriko “Biba 2025” saio berezia izan genuen ikusgai ETB1en. Bertan izan ziren SÜNE, Janus Lester, Maren, Bengo, Zilibito Records, Gozategi, Idoia eta Sukena, besteak beste, urte zaharreko gaua alaitzen.
Gure ospakizunez gain, urteko azken egunak beste hainbat une bitxi utzi dizkigu. Izan ere, TVEko kanpaietan, Lala Chus eta David Broncano aurkezleek euskarazko mezu txiki bat bidali zuten zuzenean, baita katalanez, galegoz eta valentziarrez ere.
Mahatsak jan osteko ospakizunei dagokienez, sareetan arrasto gutxi utzi dute gure artistek. Gabon zaharreko festak eurentzat gorde dituzte, baina urtearen ondarreko esker oneko mezu eta argazkiez gozatzeko aukera eman digute. IZAROk bere urtebetetzea ospatu zuen abenduaren 31n; baita Sara Zozayak ere (29an), oholtza gainean. ETSko Iñigo Etxezarretak elurretan agurtu eta eskertu du urtea, baita 2025a "birjaiotze bat" izango dela iragarri ere.
Madrilen, ostera, hainbat aurpegi ezagun bildu ziren Javier Calvo eta Javier Ambrossi zinegileen etxean. Bertan ikusi genituen musikariak, ekoizleak, aktoreak eta kanpaiak zuzenean emateko gonbidatutako izarra: Anne Igartiburu. Gainera, Rosalía eta Carolina Durante taldeko Diego Ibañezek sareetan biral egin den unea oparitu zieten Javien festako gonbidatuei: duela hilabete batzuk publikatutako “Normal” kanta zuzenean abestu zuten.