Nathy Peluso, Karol G, Juan Luis Guerra eta Jorge Drexler, Latin Grammyetako sarituen artean
Bart ospatu dituzte musika latinoaren sari handiak, Miamin. Sari banaketaren 25. edizioan, Nathy Peluso, Karol G, Juan Luis Guerra eta Jorge Drexler izan dira gaueko protagonista sarituetako batzuk.
Nathy Peluso argentinar artistak hiru garaikur eraman ditu: abesti alternatibo onenaren saria (“El día que perdí mi juventud”), iraupen luzeko musika bideoarena (GRASA diskoaren bideori esker) eta rap/hip hop abesti onenarena (“Aprender a amar”).
Gaueko sari potoloei dagokienez, Juan Luis Guerra musikaria izan da galako garailea. Bada, dominikar artista beteranoak disko onenaren (Radio Güira) eta grabaketa onenaren (“Mambo 23”) Grammy sariak eraman ditu. Urteko abestiaren garaikurra ere eskarmentudun musikari batentzat izan da, Jorge Drexlerren “Derrumbe” abestiarentzat, hain zuzen ere.
Iazko Grammyetako arrakastaren ostean, Karol G artistak bakarra eraman du aurten, zortzi izendapen zituen arren. Musikariaren Mañana será bonito LPak musika urbanoko diskorik onenaren saria eraman du.
Espainiar musikaren porrota
Espainiar artistek 15 izendapen zituzten, eta bakarra eskuratu: folklore albumik onenaren saria, Niña Pastoriren Raiz nunca me fui diskoak. Cadizeko artistak Valentziako goi borraskak kaltetutako pertsonei eskaini die garaikurra.
Quevedo, Iñigo Quintero, David Bisbal, Rozalén, Ale Costa, Valeria Castro, C Tangana, Carlos Sadness, Vetusta Morla, Diego el Cigala eta Mägo de OZ sari banaketatik kanpo gelditu dira.