Sareetan ikusia: Ura Bere Bidean jaialdiak utzitakoa eta “Escriurem” zuzenean entzuteko aukera

BEC!ek SÜNE, Olatz Salvador, IZARO, Zea Mays, ZETAK, Olaia Inziarte, IDOIA eta beste hainbat artista hartu ditu asteburuan, BOSeko musikariez lagunduta, Ura Bere Bidean ekimenaren baitan.
Argazkia: Gaizka Peñafiel
Maren, 'Ura Bere Bidean'en

Asteburuan, Ura Bere Bidean ekimen solidarioak BEC! hartu du. SÜNE, Olaia Inziarte, Janus Lester, IDOIA, Bulego, ZETAK, Izaro, Maren, Nøgen, Zea Mays eta beste hainbat artistek kontzertu paregabea egin dute, Fernando Velazquezek zuzenduta eta BOSeko musikariez inguratuta.

Lepo betetako aretoan, bertaratu zirenek kolaborazio bereziez gozatzeko aukera izan zuten. IDOIA eta Jorge Drexlerrek Oi ama Euskal Herri abestu zuten eta Maren eta Iñigo Etxezarretak, ostera, ETSren Zurekin batera. Aiora Renteriak eta Francisek Doctor Deseoren Abrazame kantatu zuten, gaueko une hunkigarrienetako batean.

Elkarrekin ikusi genituen IZARO eta Mikel Urdangarin, Errefuxiatuarena abesten; baita Olaia Inziarte eta Olatz Salvador, Behe klasekoarekin.

Asteburu "ahaztezina" izan da parte hartu duten artista askorentzat, eta kontzertu osteak ere izan zituen une gogoangarriak. Izan ere, Nøgeneko Markel, IZARO, IDOIA eta Jorge Drexler dantzan ikusi ditugu sareetan, Huntzako Josune eta Uxuek Behin batian Loiolan jotzen zuten bitartean.

"Escriurem" zuzenean entzuteko aukera, maiatzaren 31n

IZAROren urte berriko erronketako bat izango da maiatzaren 31n BEC!en egingo duen kontzertua. Bertan agurtuko du cerodenero bira, lagunez inguratuta.

Kolaborazioetako baten berri izan dugu asteon, esklusiban, Gaztean. Izan ere, 'Yoko Ona'k Iruñean egindako zuzeneko saioan aurreratu zigun IZAROk: "Escriurem" abestuko du BEC!En, Martin Urrutia eta Miki Nuñezekin.

Atzera egin beharra dago Miki Nuñez eta IZAROren abestiaren bat-bateko arrakasta ulertzeko. Bada, 2024ko urtarrilean, Chiara eta Martin OT saioko kideek abestu zuten Escriurem, eta zaleek biral bihurtu zuten abestia.