Ostegun Gizeneko “Dida!” berezia, Tolosatik zuzenean

Inauteri giro betean sartuko da Gaztea, gaur goizean, Tolosatik egingo dugun “Dida!” saio bereziarekin. 10:00etan hasi eta 13:00era bitarte, inauterien xarmaz gozatzeko aukera izango duzue gurean.

'Dida!ko lantaldea

“Dida!” saioak zuzeneko emanaldi berezia egingo du gaur, Tolosako inauterietako Ostegun Gizen egunez. 10:00etan hasi eta 13:00era arte, kaleko giroaz, txupinazoaz eta gonbidatu berezien konpainiaz gozatzeko aukera izango duzue, irrati eta streaming bidez.

Julen Telleria, Andrea Aranburu, Jon Gotzon Aldaparena eta Antton Telleria Tolosako San Frantzisko pasealekuan kokatutako set berezian egongo dira, inauteriei ongietorri ematen. “Dida!”ko ohiko edukiez gain, gonbidatu bereziekin egoteko tartea hartuko dute. Hasteko, Javi Rivero Michelin izardun sukaldaria izango dute. Gastronomiaren bidetik jarraituz, Miren Pagola, Euskal Herriko txistorra onenaren saria irabazi duen harategiko arduraduna, hartuko dute.

Musikari ere irekiko diote atea, urteroko fitxaketa bihurtu den Mirua taldeko Mattinekin. Tolosar artistak omnichord izeneko tresna ekarriko digu.

Bukatzeko, Beotibar pilotalekua ondo baino hobeto ezagutzen duen Martxel Iztueta tolosar pilotaria igaroko da guretik.