Astelehen goizean abiatuko du 'Dida'k ikasturte berria

Hainbat berrikuntza dakartza 'Dida' saioaren datorren denboraldiak: kolaboratzaile, tarte eta lehiaketa berriak estreinatuko dituzte astelehenean.

Ikasturte berrian 'Dida' saioak ez du hutsik egingo Euskal Herriko goiztiarrenen artean. 07:00etan, puntu-puntuan, hasiko du 'Dida'k denboraldi berria irailaren 4an, Julen eta Antton Telleria, Edurne Garmendia, Jon Gotzon eta Ainhoa Vitoria gidari dituela.

Lantaldea, beraz, orain artekoa izango da, baina programazioan izango du aldaketaren bat edo beste entretenimendua eta informazioa ardatz dituen saio honek.

Besteak beste, 'Euskal bokatarioa' tarte berria estreinatuko dute astelehenean bertan. Astero, tabernari bat gonbidatuko dute, euskal "bokata" onena bilatze aldera. Hala, tabernari bakoitzak bere ogitartekoa aurkeztuko du, Euskal Herriko hoberena zein den erabaki arte.

Bestalde, umore puntua Jon Gotzonen eskutik helduko da. Istorio harrigarriak entzungo ditugu haren ahotan; inoiz entzun gabeko pasadizo izugarriak, hain zuzen.

Kolaboratzaileei dagokienez, orain arteko gonbidatuek euren lekua izango dute denboraldi berrian ere. Gainera, fitxaketa berriren bat edo beste egin dutela heldu zaigu belarrietara.

Ezin aipatu gabe utzi, 'Didatinobela' bueltan izango dela datorren astean, eta lehiaketa eta sari berriak helduko direla ‘Dida’ saiora.

‘Dida’ saiora.