Antton Telleriak gidatutako 'Halloween' saio berezia egingo du 'Dida'k
Saio berezia egingo dute 'Dida'n astelehenean, Halloween dela eta. Anaiaren lekukoa hartu eta Antton Telleria izango da, 07:00etatik 11:00etara, urriaren 31ko saioa gidatuko duena.
Nola ez, sorpresak eta lehiaketak jaun eta jabe izango dira lau ordu horietan zehar. Aipatzekoa da, halaber, poxpolin hiltzailearen mozorroa aukeratu dutela esatari guztiek.
Nolanahi dela, esatariek ez ezik, entzuleek ere hartuko dute parte Halloween festan. Izan ere, "truko ala tratu" jokoa egingo dute irratiaren bestaldean daudenekin. Gainera, sari "beldurgarriak" egongo dira jokoan.
Gonbidatu bat ere eramango dute estudiora: Mikel Lizarralde mediuma, hain zuzen. Hala, "Beste munduarekin konexioak" tartean, eguneroko 'Dida' espiritu berri batekin lotuko du berorrek.