Gorputz dismorfia: Rayeren performance birala eta ‘male gaze’aren kondena

Gorputz dismorfiaz eta emakume musikarien gorputzek sufritzen dituzten epaiez aritu da Ainhoa Vitoria, "B Aldea"n.
Raye

Rayeren performance biralaren aitzakian, gorputz dismorfia izan du hizpide Ainhoa Vitoriak “B Aldea”n.

Britainiar musikariak Londreseko Royal Albert Housen emandako kontzertuko irudiak bolo-bolo dabiltza sare sozialetan. Bideoan, Rayek “Body Dysmorphia” izeneko abestia abesten du, biluzten doan bitartean, barruko arropetan geratu arte. Aipatutako abestiaren letran, emakume artista gisa gorputzarekin eta edertasun kanonekin duen harreman korapilatsuaz mintzo da Raye.

Zer da gorputz dismorfia? Norbere irudiarekiko kezka obsesiboa da. Patriarkatuaren eta gizarte matxistaren mandatuen erruz, emakumeek bortitzago sufritzen dituzte gorputzarekin eta irudiarekin zerikusia dituzten epaiak, bai kanpokoak baita propioak ere.

Begirada guztiak gainean izateak eragiten duen presioa hizpide, Aurora Beltran, IZARO eta MICEk Uxue Rey Gorraizi emandako elkarrizketa aipatu du Ainhoa Vitoriak.

Bertan, Miren Narbaizak (MICE) urteetan zehar gizonek oholtzan zuten eszenaratze “normala” performatu izan duela azaldu du, emakume izate hutsagatik soilik ezberdin epaituko dutela konturatu den arte.

Izan ere, emakumeek male gaze (gizonezkoen begirada) delakoaren menpe eraiki dute euren iruditeria; nortasun, desio eta perspektiba propioak alde batera utzita.

Bukatzeko, modu batean edo bestean, gorputz dismorfiari abestu izan dioten artisten Spotifyko zerrendak ekarri digu “B Aldea”ko kolaboratzaileak.