Belakok albiste esklusiboa emango du gaur 'B aldea' saioan
BIME Live jaialdiak asteburuan eman zuena aztertu zuten astelehenean "B aldea" saioan, eta Izaki Gardenak taldearen disko berria aurkeztu zuten. Horrenbestez, batetik, aipatu jaialdiko musikariek Ainhoa Urretabizkaiarekin izandako hitzorduak gogoratu zituzten, eta, bestetik, Aurri gara diskoa ezagutzeko aukera eman zieten entzuleei; izan ere, akustikoan estreinatu zituzten Izaki Gardenak taldekoek abesti berriak.
Atzo, ohi bezala, "Mezu bat zuretzako" tarteari gorde zioten lekua. Oraingoan, Grises taldeko Eñaut Gaztañagak hartu zuen lekukoa.
Gaur, berriz, Gaztea Cover ekimenaren baitan, Seiurteren bisita espero dute. Beraz, 21:00etatik aurrera jakingo duzue zein talderen moldaketa egin duen talde bizkaitarrak. Hori gutxi ez eta, Belakok esklusiba mundiala emango du.
Ez galdu 'B aldea', astelehenetik ostegunera, Ainhoa Urretabizkaiaren eta Xabier Doncelen eskutik.