Kautaren bertsioak, gaurko 'B aldea' saioan

Gaurtik aurrera, Aviciiren, Miley Cyrusen, Rihannaren edota Pharrell Williamsen kantuak, Enkore, Grises, Kauta, John Berkhout eta Izaki Gardenak taldeen ahotsetan entzungo dituzue 'B aldea'n.

Gaurtik aurrera, nobedadeak dakartza asteazkenetako "B aldea" saioak. Ohiko programazioari, ekimen berezi eta dibertigarri bat gaineratzeko erabakia hartu dute Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek.

Zertan datza? Gaztea irratian entzuten den musika euskal abeslarien ahotsetan eskainiko dute abentura berrian.

Oraingoz ez dizuegu pista gehiegirik emango, baina, aurrerapen bezala, parte hartuko duten taldeen izenak iragarriko ditugu. Enkore, Grises, Kauta, John Berkhout eta Izaki Gardenak dira nazioarteko talde eta artista ezagunenen kantuen bertsioak egiteaz arduratuko direnak.

Esan bezala, irrati formulan entzuten diren abestiak moldatuko dituzte; Aviciiren, Miley Cyrusen, Rihannaren edota Pharrell Williamsen kantuak, adibidez.

Halaber, bertsioak bideo bidez ikusteko aukera ere izango duzue. Izan ere, grabazio guztiak Gaztearen webgunean eskegiko ditugu.

Egitaraua

Maiatzak 14: Kauta
Maiatzak 21: Izaki Gardenak
Maiaitzak 28 : Grises
Ekainak 4 : Enkore
Ekainak 11: John Berkhout

Astelehenetik ostegunera, 20:00etatik aurrera, 'B aldea', nazioartera begira!