'Itzal Itzazu Argiak' proiektua ezagutuko dugu 'B Aldea'n
Hurrengo saioan Itzal Itzazu Argiak proiektua ezagutuko dugu, Napoka Iria taldeko Ander Mujika eta Xabi Sagasta komikigilearen eskutik. Blues musikak sortutako mitologiaren berrikuspen grafiko eta musikatua da: Euskal Herriko zenbait musikarik (Joseba B Lenoir, Joseba Irazoki, Petti eta Ainara LeGardon) blues kanten bertsio euskaratuak egin dituzte, eta Xabier Sagasta marrazkilariak komikiekin hornitu ditu. Ekimena Joseba B Lenoirrek eta Xabier Sagastak abiatu dute, eta lehen atala eurek osatu ostean, Napoka Iria da bigarren atalaren arduradun, Sagasta marrazkigilearekin batera. Bestalde, Fermin Etxegoienek ohiko bisita egingo digu, 'Ekaitz Perfektua'n izango duena aurreratuz.
Grises talde zestoarrak zabaldu du aste honetan 'B Aldea'. El Hombre Bolígrafo diskoarekin abiatutako bideari jarraituz, bigarren pausoa eman du boskoteak No se alarme, señora, soy soviético diskoa kaleratuta. Euren izaera bizia, poperoa eta baikorra kutsatu digute. Atari honetan bertan entzun ahal izango duzu eurekin izandako solasaldia.
Asteazkenean, Iñigo Kojok bi plater prestatuko dizkigu Ainhoak eta Xabik egindako kantu proposamen banarekin, musika beste zentzumenekin ere dasta daitekeelako.
Ostegunean, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren bozketa fasea hasiko da, eta buru belarri helduko diogu gaiari 'B Aldea'n.
Astelehenetik ostegunera, 21:00etatik aurrera, igaro zaitez 'B Aldea'ra!