Hondarribiako IMAGO 4 taldea ezagutu dugu 'B Aldea'n

'Japanska & Svenska' lana aurkeztera hurbildu da taldeko Mikel Azkona.
Hondarribiako IMAGO 4 taldearen azken lana da 'Japanska & Svenska'
'Japanska & Svenska' da IMAGO 4 taldearen azken lana.

Hondarribiatik datorkigu IMAGO 4 taldea. Mikel Azkona eta David Martinez bikoa ezkutatzen da izen horren pean eta Japanska & Svenska lana atera dute: ''Miresten ditugun bi kultura dira euren ezaugarri eta kontraesanekin'', dio Mikelek.

Psilocybe Elkarteko kide dira eta Psilocybina zigilupean kaleratu dute diskoa. Hori bai: albuma online formatuan besterik ez da eskainiko: Bandcamp, iTunes, Spotify eta antzekoetan.

2007 eta 2009 urte bitartean osatutako 5 abesti biltzen ditu lanak eta erabat instrumentalak dira: ''Interesatzen zaigun zati bat hartu eta bere barruan duen intentsitatearekin amaieraraino ustiatzen saiatzen gara, oso leunetik oso indartsura edo alderantziz. Batzuetan nahikoa zaigu horietako pasarte bat kantua osatzeko eta beste batzuetan horietako asko behar ditugu baterako, musika klasikoan gerta daitekeen moduan''.

Zuzenekoei dagokionez, 2013rako kontzerturen bat edo beste ematea aurreikusten dute eta horretarako Carlos, taldekide ohia, batuko zaie.