‘Gaztea Box’ saioak lantalde eta denboraldi berria estreinatuko ditu
Ikasturtea aldaketekin abiatuko du irailaren 4an 'Gaztea Box' saioak, lantalde berria eta hainbat nobedade ekarriko dituelako. Gaztea Irratiko entzuleek Ibon Fernandez, Ainhoa Etxebarria eta Alain Perez izango dituzte lagun, 17:00ak eta 20:00ak bitartean.
Bestalde, kolaboratzaile lanetan arituko dira Oto Vans, Aritz Mendiola eta Maitena Salinas. Lehenak, besteak beste, Madrilen hasiko duen bizitza berriari buruz hitz egingo du. Ordiziarra da izatez eta sare sozialetan oihartzun handia du Vansek; Instagramen, adibidez, 240.000 jarraitzaile ditu. Bigarrenak, berriz, alegia, Aritz Mendiola aktoreak, unean uneko titular deigarrienei ikuspegi propioa jarriko die, eta, azkenik, Maitena Salinasen esku geratuko da, astero, plan alternatiboak proposatzea.
Gainera, ohiko kolaborazioak ere izango dituzte, Alain Ibarrarena, Iker Gurrutxagarena, Xabi Hoorena eta Gaizka Izagirrerena, hain zuzen.
"Ostiral traperoak" tarte berria
Ostiraletan tarte berria estreinatuko dute: "Ostiral traperoak". Hala, 19:00etatik aurrera, musika hiritarra nagusituko da, eta ordubetez trap musikaren nobedadeak aurreratuko dituzte.
Hori gutxi ez eta, entzuleak aho zabalik utziko dituzten beste tarte berriren batzuk ere badute prest.
'Gaztea Box' laburpena
Arratsalderoko hitzordura iristeko aukera ez dutenek larunbatetan entzungo dute astean jazotakoaren laburpena.
aren laburpena.