'Akabo Bakea' saioa itxuraldatuta itzuliko da gaur

22:00etatik 00:00etara, musika, umorea, lehiaketak, kolaborazio bereziak eta eguneko informazio garrantzitsuena uztartuko dituzte Amaia Artetxek eta Julen Telleriak.
Julen Telleria eta Amaia Artetxe, 'Akabo bakea'. Argazkia: EiTB

Eguneko estresak baztertu eta ohera umore onean sartzeko aukera eskainiko dizue 'Akabo Bakea'k, gaurtik aurrera. Gaztea Irratiko gainerako saioak baino beranduago hasiko du denboraldia, baina eraberrituta eta edukiz josita iritsiko dira Amaia Artetxe eta Julen Telleria.

Hasteko, ordutegi berria estreinatuko dute, eta iaz baino ordubete beranduago sartuko dira estudiora: 22:00etan, hain zuzen, eta gauerdira arte egongo dira irratiaren bestaldean.

Musika onena, umorea eta eguneko informazio garrantzitsuena ardatz hartuta, ikasturte berriari gogotsu ekingo diote Amaiak eta Julenek. Konpainia hobezina, beraz, gauak goxotasunean eta entretenituta igarotzeko.

Kolaboratzaileei dagokienez ere, nobedadeak dakartzate. Sexu kontuak Luziaren eskutik helduko dira, asteazkenetan. Bestalde, Iñigo Agirrek "Gurutxantxa" atala gidatuko du. Telefono bidezko txantxek Euskal Herriko txoko guztiak zapalduko dituzte. Beraz, norbait izorratzeko asmoz bazabiltzate, posta edo whatsapp bidez zuen datuak bidali besterik ez duzue egin behar.

Hori gutxi ez eta, Xabier Mendiak; hots, Akabo Bakeako "youtuberrak", gizateriaren historiara pasatu diren gertaera surrealistak eramango ditu estudiora, eta Nakor Markezek 'Gu ta Gutarrak' eta 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioen jarraipena egingo du.

Ostegunetan, berriz, Oihan Vegaren "Plan, plin, plan"ari esker, asteburuko planak egiteko jarraibideak jasoko dituzte "akaberoek".

Bukatzeko, "Amai Juli eta bizerbeza atal berria eta "Zer da?" sekzioak estreinatuko dituzte datorren astean.