The Magician disko-jartzailea 'Pop Track' saioan izango da gaur
Stephan Fasano belgikarraren bisita izango du Ibon Fernandezek Gazteako estudioan.
Stephan Fasano (The magician)
Gonbidatu berezia ekarriko du Ibon Fernandezek 'Pop Track' saiora, urtarrila behar den moduan amaitzeko. Izan ere, Stephan Fasano The Magician disko-jartzaile eta ekoizle belgikarraren saioaz gozatu ahal izango dugu gaur gauean, 21:00etatik aurrera, Gaztean.
Ibilbide profesionala klub txikietan abiatu zuen arren, Belgikako festarik handienak girotzera iritsi da, eta munduko jaialdi esanguratsuenetako kartelak osatzen ditu. Iaz, esaterako, Bartzelonako Primavera Sound jaialdian izan zen; aurten, berriz, besteak beste, Coachellan arituko da.
Horren lan aipagarrienen artean, Lykke Li artistaren ''I Follow Rivers'' nahasketa eta 'Aeroplane' proiektua daude.
Ez ahaztu hitzordua gaur gauean izango duzuela, 21:00etatik aurrera, 'Pop Track' saioan.