Daft Punk, 'berpiztuta', 'Pop Track'en
Daft Punk, Empire of the Sun eta Basement Jaxx: musika elektronikoan ohorezko tokia duten hiru bikok 2013a aukeratu dute lan berria kaleratzeko, eta horien gaineko xehetasunak ezagutuko ditugu 'Pop Track'en.
Itzulera deigarriena Daft Punkena da. Zortzi urte material berririk kaleratu gabe egon ostean, udaberrian argitaratuko du biko frantziarrak estudioko laugarren lana: Random Access of Memories. Julian Casablancasek, Pharrell Williamsek eta Panda Bearrek euren ekarpena egin dute disko honetan. Kaleratu aurretik, irrika handia piztu du, jada, argitalpen berriak.
Empire of the Sun australiarrei ere erreparatuko diegu 'Pop Track'en. Ekainean helduko da Luke Steelek eta Nick Littlemorek osatutako bikoaren Ice on the Dune diskoa. Bost urteren ondotik plazaratzen duten lanik berriena da, baina leial eusten diote euren estiloari: synth-pop dantzagarria eta hedonista.
Basement Jaxxek ere gure arreta erakarri du. 2009an plazaratu zuen azken diskoa biko britainiarrak. Oraindik argitalpen datarik eta izenbururik ez duen arren, disko berrian lanean dabiltza buru-belarri. Kantu bat aurreratu dute: ''Back 2 The Wild''.
Lan hauen gaineko xehetasun guztiak argituko dizkizu Ibon Fernandezek asteburuaren atarian. Ostiralean, 21:00etatik aurrera, ez galdu 'Pop Track'!