Enkore izan da garaile Gaztearen XX. Maketa Lehiaketan
Enkore taldea izan da Gaztearen XX. Maketa Lehiaketako talde irabazlea. Talde bilbotarrak 6.000 euro, bideoklip baten grabazioa eta Bilbao BBK Liven jotzeko aukera irabazi ditu. Entzuleen Saria, berriz, Arratiako Larregi taldearentzat izan da. 2.000 euro eskuratu ditu.
Maketa Lehiaketako epaimahaiak ondorengo arrazoietan oinarritu du erabakia:
"Enkore talde bilbotarrak musikari belaunaldi berri bat ordezkatzen dute. Belaunaldi horrek lehen aldiz bizi du laurogeiko hamarkadan Kalifornian sortutako hardcorearen xarma melodikoa eta erritmoak. Enkorek kantu zuzenak, erraz gogoratzen diren leloak eta kontu handiz txertatutako koruak aurkezten ditu. Hardcore melodikoari etorri handiz eta freskotasunez heltzen diote eta abiadura, rocka eta harmoniak uztartzeko gaitasun handia dutela erakutsi dute".
Bestalde, Larregi taldeaz ondorengoa esan dute epaimahaikideek:
"Ez da harritzekoa Lemoako laukoteak Entzuleen Saria irabaztea, primeran ordezkatzen baititu rock euskaldunaren joera erritmikoak eta melodikoak. Konposizio soiletatik abiatzen badira ere, abesti-proiektu bakoitza erritmoa, melodia eta rock uztarketa orekatu eta egokiarekin amaitzen du taldeak. Erraz gogoratzeko moduko kantuak dira eta erritmo erdien eta azkarren artean mugitzen dira. Azken batean, rockaren heltzen diote bere zentzurik zabalenean, konposizio bakoitzaren indarrean oinarrituta".
Bestalde, Gaztearen XX. Maketa Lehiaketan aipatzekoa izan da jendearen parte-hartzea. Azken hilabetean atari bereziak 100.000 bisita izan ditu eta ia 9.000 boto jaso ditugu guztira Entzuleen Sarirako hautaketan.