Gaztea Irratiak programazio berria estreinatuko du astelehenean
Astelehenean estreinatuko du&' || 'nbsp;Gaztea Irratiak programazio berria. Ohiko saioek denboraldi berriari ekingo diete eta EITBren irrati gazteenak azken urteetan jorratutako bideari jarraituko dio musika aukeraketa egiterako orduan. Irrati formularen konpainia izango da egun osoan eta, gainera, ondorengo saio bereziak izango ditu eskaintzeko Gazteak.
"dida!": XXL formatuan itzuliko da Gaztearen iratzargailua. Goizeko 7:00etatik 10:00etara, Joseina Etxeberria, Edurne Garmendia, Jon Gotzon, Ainhoa Vitoria eta gainontzeko kolaboratzaileekin goiza algaraka hasiko duzu, dida batean. Gainera, adi, ''lip dub'' lehiaketa mundiala antolatzen ari baita ''''dida'''' saioko lan-taldea. Sari potoloak izango dira irabazleentzat, beraz, presta zaitez parte hartzeko. Eta berrikuntza gehiago ere ekarriko dituzte denboraldi berrirako. Entzun "dida!", bertan enteratuko zara denboraldiko xehetasun guztiez.
"B Aldea": Musikaren alderik ezkutuena irrati uhinetara eramango dute aurten ere Xabier Doncelek eta Ainhoa Urretabizkaiak. Elkarrizketak, proposamenak, albisteak eta erreportajeak eskainiko dituzte eta atal berriak ere estreinatuko dituzte. Gaztea irratiaren "B Aldea"n sartzen den guztia astelehenetik ostegunera topatuko duzu 21:00etatik 22:00etara.
"Ekaitz Pefektua": Fermin Etxegoien kazetari eta musika adituak astelehenetik ostegunera eramango du bere ekaitza Gazteara. Astelehenetik ostegunera, gaueko 22:00etatik 23:00etara bere musika aukeraketa izango dugu entzungai. Gainera, igandeetan, 22:00etatik 23:00etara saio monografikoak egiten jarraituko du eta, denboraldi berrian, musikaren historiako 100 disko ezinbesteko aurkeztuko dizkigu.
"Top Gaztea": Larunbatetan 11:00etatik 13:00era, Oihan Vegarekin errepasatuko dugu Gaztearen 20 kantuko zerrendako kantuak zein diren eta nazioarteko zerrendei ere begiradatxoa botako diegu. Entzuleen laguntza ezinbestekoa izango da horretarako, bai proposatutako bi zerrendagaiak sartzeko, baita kantuak zerrendan gora eta behera mugitzeko ere.
"Top Dance": Larunbatetan 22:00etatik 23:00etara, Itziar Alduntzinek eta Xabi Dantzalekuk dance musikaren zaleei zuzendutako saioa egingo dute. Dance estiloko 15 kantu berritzaileenez osatutako zerrenda errepasatuko dugu larunbat gauero.
"Boom Shaka Laka": Makalak, nazioartean aritzen den funk DJ ospetsuak, larunbatero "Boom Shaka Laka" irrati show-a eskainiko digu, 23:00etatik 01:00era. Bi orduz, bere obsesio, desio, amets eta amets gaiztoz osatutako DJ saioarekin ukitu beltzeko musikarik onenarekin jarriko gaitu dantzan.
"Global Funk": Ostiraletan, 23:00etatik 01:00era, motherfunker guztiak ongi etorriak izango dira Gaztea Irratira. Arkaitz Billarren musika hautaketa eta Makalarekin batera hilean behin egiten dituzten Global Funk partyak ardatz gisa hartuta, festaren arrastoan jarriko zara.