Lorebeltzen "Bide bat arrazoi bat", Entzuleen Sariaren irabazlea

Botoen %14 jaso duen Galdakaoko talde honek 2.000 euroko saria eta "Gaztea Live" saioan jotzeko aukera izango du. Epaimahairen Saria, 21:00etatik aurrera iragarriko dugu, "B aldea" saioan.
Lorebeltz
Lorebeltz, Bilborocken egindako saioan Argazkia: EITB

Dagoeneko badakigu nork lortu duen 2010eko Maketa Lehiaketako Entzuleen Saria. Lorebeltz taldearen "Bide bat arrazoi bat" kantua izan da, hain zuzen, hamar finalisten artean boto gehien jaso dituena. Botoen %14rekin, lehen tokian sailkatu da, Zain talde berriztarraren "Aitzakiak" abestiaren aurretik (%11). 3. sailkatua (4.arekin oso parekatuta), botuen %10ekin Moiraren "Galdutako askatasuna" izan da.

Guztira, 1.800 pertsonek parte hartu dute bozketan eta euren botoak izan dira aurtengo edizioko Entzuleen Saria norentzat izan den erabaki dutenak.

Bi urteko ibilbidea

Duela bi urte barneratu ziren musikaren munduan Txus (gitarra-jotzailea), Amaia (ahotsa), Hodei (gitarra-jotzailea), Aitor (baxu-jotzailea) eta Mikel (bateria-jolea) Lorebeltz taldeko kideak eta orain arte ikasitakoa erakusteko asmoz, Gaztearen Maketa Lehiaketan aurkeztea erabaki zuten.

Aipatu bezala, musika melodikoa eta soinu gogorrak uztartzen dituen "Bide bat arrazoi bat" kantua izan da Entzuleen Saria eskuratzen lagundu dien abestia.

Saria

Lehiaketa abian jarri genuenean iragarri genizuen bezala, 2.000 euroko saria eskuratu du Lorebeltzek, sari hau lortu ostean. Gainera, "Gaztea Live" saioan jotzeko aukera izango du.

Bestalde, Gaztearen irakurle eta entzuleetako batzuek ere sari berezi eta potoloak jasoko dituzte gaur bertan. Dakizuen moduan, botoa eman duzuen guztion artean IPAD bat zozkatuko dugu gaur eguerdian eta hori gutxi balitz, bi MP4 ere banatuko ditugu. Adi beraz, 13:00ak aldera, emango baititugu irabazleen izenak.

XIX. edizioa, bukatzear

Gaur gauean, 21:00etatik aurrera, "B aldea" saioan Epaimahairen Saria jakinarazten dugunean, bukatutzat emango dugu aurtengo Maketa Lehiaketa. Baina aurretik, eskerrak eman nahi dizkizuegu lehiaketan parte hartu duzuen talde guztioi eta zuen botoekin Entzuleen Saria hautatzen lagundu diguzuen irakurle eta entzule denei.