"Dida" eta "B Aldea" bereziak, Gaztearen 20. urteurrena ospatzeko
Gazteak 20 urte beteko ditu martxoaren 21ean eta hurrengo egunean, hilaren 22an, saio bereziak izango ditugu EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretotik. Eguerdian, 14:30etatik 15:30etara, "dida" saioko lan-taldea arituko da. Joseina Etxeberria, Edurne Garmendia, Jon Gotzon eta gainerako kolaboratzaile guztiak bertan izango dira eta gonbidatu bereziak izango dituzte gainera: Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko kantaria) elkarrizketatuko dute eta, gainera, El Menton de Fogarty, Seiren eta&' || 'nbsp;Losdelgas taldeko kideek hainbat abesti joko dituzte.
Iluntzean, berriz, "B Aldea" saioaren txanda izango da. 21:00etatik 22:00etara, Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek ere gonbidatu bereziak izango dituzte eta Audience eta Seiurte taldekoek hainbat kantu joko dituzte zuzenean. Gainera, amaitzean, Berri Txarraken "Zertarako amestu" dokumentala ikusteko aukera izango da, ETB3n zein EITBko egoitzako Multibox aretoan bertan.
Gainera, bi saioetan opariak eta mila ezusteko izango dira!
Saioren bat (edo biak), irratiaz entzuteaz gain, zuzenean ikusi nahi badituzu, bi aukera izango dituzu: Gaztea atarian klik egin eta streaming bidez guztia zuzenean jarraitzea edo EITBren Bilboko egoitzatik bertatik guztia zuzen-zuzenean jarraitzea. Horretarako, eman izena gure lehiaketan: B aldean ala Di-da-n!
Baina saio berezi horiek ez dira Gaztearen 20. urteurrena ospatzeko prestatu dugun gauza bakarra. Ostegun honetan, hilak 18, Gaztea atarian, "Gazteak 20 urte" gune berezia jarriko dugu martxan. Bertan, azken 20 urteotako kantu eta bideo aukeraketa, bi hamarkada laburbilduko dituen argazki-bilduma eta beste mila kontu eta bitxikeria topatuko dituguzu.
Bestalde, martxoaren 22an musika aukeraketa berezia izango da Gaztea Irratian. 20 urteotako musika izango da entzungai egun osoan. Eta martxoaren 23an, berriz, adi!! Zuk aukeratutako musika izango dugu entzungai!! Bidali zuk nahi duzun kantu proposamena edo eskaintza gaztea@eitb.com-era edo utzi zure mezua erantzungailuan (943012250). Zure aukeraketarekin osatuko dugu martxoaren 23ko musika-programazioa!
Gazteak 20 urte beteko ditu eta zurekin ospatu nahi dugu gure urteurrena!!