Kirola, komediaren gakoak, Jone Laspiurren dortokak eta 30en krisia, ‘Linbo’ren azken atalean
Iñigo Vicens kirol prestatzailea izan da ‘Linbo’ko hirugarren saioko lehen gonbidatua. ETB1eko ‘Adinberri’ saioan eta Primeraneko ‘Fiteran’ kirol saioan ikus dezakegu Vicens. Kontatu duenaren arabera, jende heldua publikorik fidelena da: “Nire publikoa mundu analogikoa da. Inoiz saiatu dira ‘Adinberri’ kentzen, baina ezin izan dute, oso publiko fidela dugulako”.
Joan aurretik, ‘Linbo’ aurkezten duen bitartean egiteko moduko pare bat ariketa erakutsi dizkio Aitziberri. Vicens agurtuta, Danel Galdaera kolaboratzaileak komediaren teorien inguruko azalpen magistrala eman du.
Jone Laspiur izan da saioko bigarren gonbidatua. Egin duen azken filmaz, Faisaien irlaz aritu da Aitziber Gradosekin. Filma aurkeztuta, aktoreen bizitzaz aritu da donostiarra. Hainbat mito daudela uste duela kontatu digu: ez, aktoreen bizitza ez da glamurosoa. Izan ere, aktoreen lanaren gehiengoa fruitu lehorrak jan eta itxaroten egotea dela aitortu du Laspiurrek.
Gainera, ez genekizkien pare bat datu atera dizkio Aitziber Gradosek: 20 urteko bi dortokekin bizi dela eta komendia erromantiko bat egin nahiko lukeela. Bigarren elkarrizketa bukatuta, Aiora Enparantza kolaboratzailea eseri da ‘Linbo’ko sofan. 30en krisiari aurre egiteko modua topatu duela kontatu digu aktoreak: ume bat bahituko du.
Saioa borobiltzeko, Flako Altsasura bidali dute, Aitziber Garmendiaren sorterrira. Bertan, aurkezlearen amarekin eta auzokideekin hitz egiteko aukera izan du, baita Aitziberri abesti bat sortzeko ere.