Nerea Ibarzabal umoregilea eta La Txamaren Pokemon bilduma, ‘Linbo’ren bigarren atalean

La Txama musika taldea eta Nerea Ibarzabal bertsolariez gain, Luix Mitxelena eta Maria Blanco kolaboratzaileak hartu dituzte ‘Linbo’ saioaren bigarren alean.
Nerea Ibarzabal

Saioa estreinatuta, bigarren aste batez antenan bizirauteko erronkari eutsi diote “Linbo”ko kideek. Hartara, Aitziber Garmendiak Nerea Ibarzabal bertsolaria eta La Txama taldeko Aitor eta Jon hartu ditu gonbidatu.

Bertsolaria izan da saiotik igarotzen lehena, eta ezagutzen ez genuen datu batekin hasi du elkarrizketa: oraindik pausua eman ez duen arren, bakarrizketak egitea gustatuko litzaioke.

Erakutsi digun sekretu horri tiraka, umorez hartu ditu Aitziber Gradosek proposatutako bi jokoak: eskuen argazkiak ikusita zein bertsolarirenak diren asmatzea eta liburu baten azala erakutsita istorio bat inprobisatzea.

Bigarren gonbidatuen aurretik, Luix Mitxelena kolaboratzailea eseri da ‘Linbo’ko sofan. Oiartzuarraren aurkezpena egiteko, duela urte batzuk biral bihurtu zen ‘Perretxiko aluzinojenoa’ izeneko kantaren bideoklip bitxia jarri dute. Gero, espazioaren eta denboraren inguruan hausnartu dute elkarrekin.

Opariekin etorri dira La Txamako Aitor Valcarlos eta Jon Viejo. Euren diskoaz gain, gustatzen zaizkien artistenak ekarri dituzte: Itziarren Semeak, Hesian eta Ezpalaken albumak oparitu dizkiote aurkezleari.

Gainera, taldean dituzten Pokemonez eta poliziarekin izan dituzten anekdotez aritu dira bi musikariak. Bukatzeko, Flako batu zaie, Euskal Herriko zein kanpoko musika aretoetako komunen argazkiez osatutako ‘Geoguesser’ estiloko jokoarekin.

Maria Blanco kolaboratzaileak agurtu du saioa, bere ofizioetako baten inguruko tartearekin. Bada, orotariko artista izateaz gain, aho-hortzetako higienista da Maria. Lanean egunero ikusten dituen bitxikeriez aritu da.