Malkok irabazi du 2024ko Maketa Lehiaketa

Jotzen azkena izan da oñatiar boskotea, eta publikoa hankaz gora jarri du kontzertuko lehen abestitik. Mikosis taldeak eraman du Harrobia Saria, eta Aramuk, ostera, entzuleen GAZ saria.

20:00etan ireki ditu ateak Jimmy Jazzek, eta jarraian berotu da aretoa. gasteiztar negu hotzeko iluntzeak beste kolore bat hartu, 33. Maketa Lehiaketaren final handia tarteko.

Aramu, Mirail, Malko eta Mikosisen zuzenekoak ikusteko itxaron ezinda zeuden familia, lagun eta zaleak puntual iritsi dira hitzordura. Argiak itzali bezain pronto, Ainhoa Vitoria agertu da oholtza gainera, ongietorria egin eta lehenengo taldea aurkezteko.

Mikosis gernikarrek ireki dute finala. Hiru emakume, baxua, gitarra, bateria eta lehen minututik zalegoa txunditu duen zuzeneko sutsuan. Lehenak izanda, publikoa berotzeko ardura zuten bizkaitarrek, eta lortu dute, sobera. Bukatzean, Gaztea Maketa Lehiaketan jotzea aspalditik zuten ametsa zela aitortu dute bandako kideek. Gainera, egindakoaren gustura gelditu direla kontatu diote Ainhoa Vitoriari.

Epaimahaiaren iritzia jasota, gaueko bigarren protagonistak igo dira taula gainera. Mirail urnietar boskoteak “Hodeiak” izeneko kantarekin hasi du kontzertua, aurretik egindako elkarrizketetan aipatutako Berri Txarrak soinuaz baliatuz. Gitarra doinu bortitzak eta oihuak izan dira Mirailen zuzenekoaren protagonistak, eta epaimahaikideak “gehiago entzuteko gogoz” gelditu dira.

Gauaren ekuatorera iritsita, Aramuren txanda. Dagoeneko saritua izan denaren lasaitasunarekin iritsi da Maruri-Jatabeko boskotea Jimmy Jazzera. Izan ere, GAZ Saria (Entzuleen Saria) eraman du taldeak, Gazteako ikus-entzuleek bozketa bidez hala erabakita. Bazuten etxekoen babesa, eta Gasteizeraino mugitzea erabaki dute. Autobus bat antolatu, eta aurkezpenetik hasita, gertukoen epeltasuna sentitu dute bueltan Aramuko kideek. Lehen akordeekin batera, publikoa bi pauso aurreratu eta dantzan jartzea lortu dute.

Aramuren zuzenekoan bizi izan dugu gaueko unerik hunkigarrienetako bat: Mikosis taldeko hiru kideak publiko artean ikusi ditugu, lehiakideen abestiak oihukatu eta dantzatzen, kiroltasun ariketa ederrean.

22:15ean, Malko oñatiarrek gaueko azken zuzenekoa abiatu dute. Indartsu igo dira oholtza gainera, eta publikoa patrikan sartu dute, hasieratik. Dantza egiteko aukera eman dute, baita ondoko laguna besarkatu eta hunkitzeko uneak ere. Amaiera aldera, publiko artera jaitsi dira musikariak, eta finaleko momentu gogoangarrienetako bat oparitu digute.

Sari banaketa

Kontzertu guztiak ikusita, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNE (Maketa Lehiaketako epaimahaikideak) bildu egin dira, finaleko erabaki handia hartzeko.

Jimmy Jazz areto betean, Adrian Lopez Eusko Jaurlaritzaren Gazteria eta Emantzipaziorako zuzendariak eman du lehen saria: GAZ garaikurra (2500 euro), Aramu taldeari. Gero, Beatriz Concepción igo da oholtzara, Harrobia Saria banatzeko. Mikosis gernikarrek eraman dute Oso Politaren garaikurra. Hala, diskoetxearekin lau kantako EP bat grabatzeko aukera izango dute.

Sari potoloa banatzeko, epaimahaikideen laguntza izan du Ainhoa Vitoriak. Ahobetez esan dute 2024ko Maketa Lehiaketaren irabazlearen izena: Malko. Publikoaren zalaparta entzun da jarraian, eta erabat hunkitutako boskoteak hartu du oholtza.

Ikusi finala, osorik