Ezagutu Maketa Lehiaketako 20 aurre finalistak

Aurten aurkeztutako proiektu guztien artean, Gazteako epaimahaiak 20 aukeratu ditu aurre finalerako. Bozketa abenduaren 12ra arte egongo da zabalik.
Maketa Lehiaketako 20 hautagaiak

2024ko Maketa Lehiaketako proposamen guztiak jasota, baditugu aurten lehiatuko diren 20 proiektuen izenak. Jasotako maketa guztiak entzunda, Julen Idigoras, Lorea Argarate eta SÜNEk osatutako epaimahaiak aurre finalisten zerrenda osatu du.

Aurre finalistak aurkeztuta, abenduaren 12ra arte izango duzue gustuko hautagaiaren aldeko boza emateko.

Egunean behin bozkatu ahal izango duzue, eta botoa  eman ahal izateko beharrezkoa izango da Gaztean erregistratuta egotea. Talde edo bakarlarien kantak entzun bozkatzeko aukera izango duzue, beheko irudian klik eginda.

Lemak

Bergara eta Antzuolako pop-rock hirukotea. Duela hilabete batzuk plazaratu dute euren lehen EPa: Bi zauri bizi, Bi lore txiki, Bi harribitxi.

Skaregekasko

2023an Getarian sortutako musika proiektua. 10 taldekidez osatuta, “mundu zaharra eta baserri giroa egunerokoarekin uztartzea” dute helburu. Ska eta reggaetik abiatuta, abesti dantzagarriak egiten dituzte.

Zeba

2023 bukaeran Donostian sortutako hirukotea. Zeba izeneko EP bat kaleratu dute; rocka, grungea, garagea eta autotunearen bidetik. Letretan, euren “egunerokotasuneko kezkak eta absurdoak” aurkituko ditugu.

Ainhoa Urteaga

Bere burua kantautore gisa definitzen du zumaiar musikariak. Umetatik maite du musika eta ordutik jo izan du pianoa, baina duela gutxi ausartu da jendaurrean kantatzera.

Laps.

23 urteko santurtziar artista da Laps. Bere lehen urratsak ekoizle gisa eman zituen, eta azkenean animatu da bere musika propioa sortzera. R&Ba eta musika urbanoa uztartzen ditu bere kantetan.

Sotoalde

Bergaratik datorren laukote gaztea. Musikaren munduan hasiberriak diren arren, argi dute haien helburua: “Bide honek noraino eraman ditzakeen ikustea, prozesuaz gozatuz eta egiten duten guztia bihotzetik eginez”.

Mikosis

2021ean Gernikan sortutako musika proiektua da Mikosis. Hirukote bilakatuta, post-punketik eta rock alternatibotik edaten dute Carla, Garazi eta Ane Meik. Irailean atera zuten haien estreinako EPa: Kontrolik Barik.

Hartzak Zeruan

Nafarroako Hiriberri herritik dator Aitor eta Alainek osatutako “power duo”a. Gitarra riff distortsionatuak eta bateriaren erritmo indartsuak dira taldearen marka. Letretan, introspekziora garamatzaten gai gordinak.

Malko

Oñatin sortutako boskotea. Duela urtebete inguru hasi ziren kantak sortzen eta dagoeneko eman dituzte hainbat kontzertu. 2023an euren estreinako diskoa kaleratu zuten: Esan ez direnak.

Mirail

Urnietatik datozen bost lagun dira. Pandemia ostean eratu zuten taldea, helburu zehatz batekin: Euskal Herriko musika eszena pasioz eta energia kolore berriekin margotzea.

Eraldatzen

Azkoitian sortu zen banda, 2022an. Punk, rock, hardcore eta metal estiloetan mugitzen dira.

Maialen Ibarra

Basauriar musikariak aurten kaleratu du Nire Egia Zuen Ezpainetan izeneko estreinako EPa. Pop-rockaren bidetik, sintetizadoreak eta gitarrak uztartzen ditu Maialenek.

UR

Azkoitian, disco, funk eta indie generoetan mugitzen den hirukoa da UR. Laukoteak 2021ean kaleratu zuen bere lehen disko luzea: BALEAK.

Kitzika

2020an Irunen sortutako taldea. Urtebete beranduago kaleratu zuten Adreilua, hiru abestiz osatutako bilduma laburra. Ordutik, musika berria sortu eta kontzertuak ematen aritu izan dira.

Doce C

Doce C Bilbon sortutako euskal talde urbanoa da. 2020an hasi ziren lehen kantak kaleratzen eta ordutik, ateratako abestiak zuzenean jotzen aritu dira Euskal Herrian zehar. Bikote honek kolektibo gisa funtzionatzen du, inguruan dituzten hainbat lagunen konpainian.

AntFactory

Bilboko musikari eta ekoizlea. Betidanik izan du lotura musikaren munduarekin, baina pandemiak eman zion oholtza gainera salto egiteko behar zuen bultzada. 2023an Selfcare izeneko EPa kaleratu zuen.

Adur DR eta Ettayo

Astigarraga eta Añorgako bi gaztek osatzen dute proiektua. Musika urbanoa jorratzen dute, “aurrera jarraitzeko, edo soilik ondo pasatzeko”.

Garazi AZK Beats

Garazi eta Oihan, Donostia eta Oreretako bi gazte, dira Garazi AZK Beats. Biak dira eskarmentudun musikariak, eta aurten indarrak batzea erabaki dute. Euren musika jende gehiagorengana iristeko tresna gisa ikusten dute Maketa Lehiaketa.

Oihana Maitakor

Arantzar musikaria 17 urterekin hasi zen bere abesti propioak sortzen. Sei urte beranduago kaleratu zuen bere lehen kanta. Egun, musika urbanoa jorratzen du Oihanak.

Aramu

Bizkaian, Maruri-Jataben, sortutako boskotea da Aramu. Indie rock eta punk rocka abiapuntu hartuta, estilo eta doinu propioa eraikitzen ari direla diote taldekideek. Aurten kaleratu dute Aramu izeneko lehen disko laburra.