Zilibito Recordsek irabazi du 2023ko Maketa Lehiaketa

Enbata Lorade, Itzek eta Ganibet izan dira aurtengo Maketa Lehiaketako beste hiru finalistak. Zuzenekoak eman eta gero, oiartzuar seikoteak eraman du sari potoloa, epaimahaiak hala erabakita.

Zilibito Records da 2023ko Gaztea Maketa Lehiaketaren irabazlea, aurtengo epaimahaiak finalisten zuzenekoak ikusi ostean hala erabakita. Enbata Lorade, Itzek, Ganibet eta Zilibito Records lehiatu dira final handian, Bilboko Sala BBK aretoan.

20:00etan hasi da Maketa Lehiaketaren final handia, Bilboko Sala BBK aretoan. Ainhoa Vitoriak publikoa agurtu ostean, aurtengo epaimahaikideak aurkeztu ditu: Julen Idigoras, Lorea Argarate eta Josune Arakistain.

Iluntzeari musika jartzen hasteko arduradunak izan dira Zilibito Records taldeko kideak. Oiartzungo sei gazteak oholtza gainean ikusi ditugu, lehenengo abestitik azkeneraino publikoa dantzan jartzen.

Atzetik, Ganibet taldea, Amaiur eta Ekain, igo dira oholtzara. Abesti propioak eta bertsioak uztartu dituzte, tartean Erramun Martikorenaren "Xorieri" eta The Uski'sen "Gabero zu barik". Zuzenekoa amaituta, publikoaren zein epaimahaikideen harrera beroa jaso du bikoteak.

Doinu elektronikoak alde batera utzi eta, banda formatu klasikora. Itzek mungiarrek "Parkatu ama" izeneko abestiarekin abiatu dute kontzertua, eta "Nartziso"rekin bukatu. Hirukoteak gogor astindu du oholtza eta euren energiaren indarra epaimahaikideenganaino iritsi da.

Enbata Loradek, aurtengo entzuleen saridunek, itxi dute gaua. Bakioko seikoteak "Zuzen", "Egurre", "Sugandila", "Marea", "Espresso" eta "Cartera vacía" abestiak jo ditu, publikoaren harrera paregabearekin.

 

Albiste erlazionatuak