Azken egunak Gaztea Maketa Lehiaketan izena emateko
Irrati denboraldi berriarekin batera, bueltan da Gaztea Maketa Lehiaketa. Euskal Herriko musikari hasiberri onenen bilaketari ekingo diogu hogeita hamabigarrenez. Dagoeneko ireki dugu abestiak aurkezteko epea, eta urriaren 9an itxiko da.
Nola parte hartu?
Edonork har dezake parte Maketa Lehiaketan, musika estilo eta hizkuntza mugarik gabe. Bete beharreko baldintza bakarra honakoa da: aurkeztutako bakarlari edo taldeak diskoetxe batekin ere kontraturik ez izatea. Hona lehiaketaren oinarriak.
Talde edo bakarlari bakoitzak hiru abesti (gehienez) bidali beharko ditu. Gero, Maketa Lehiaketaren webgunean dagoen formularioa bete beharko dute, musikarien inguruko datuak gehituta. Nahitaezkoa izango da dokumentu hori betetzea.
Epeak
Maketak aurkezteko epea irailaren 11n hasi eta urriaren 9an bukatuko da.
Ondoren, webguneko bozketa fasea jarriko da martxan, urriaren 23tik 30era. Bertatik aterako da finalera igaroko den lehen talde edo bakarlaria, eta epaimahaikideen esku geldituko da beste finalisten hautaketa.
Azkenik, final handian jakingo dira irabazleen izenak. Aurten, Bilboko Sala BBKn izango da, azaroaren 16an.
Sariak
Maketa Lehiaketaren finalera iristen diren musikariek hiru sari eskuratzeko aukera izango dute.
Alde batetik, Epaimahaiaren Saria: 5.000 euro eta 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Epaimahaikideek finaleko zuzeneko emanaldian erabakiko dute nori emango dioten lehiaketako sari potoloa.
Bestetik, Gazte BizHitza Saria (entzuleen saria): 2.500 euro. Sari hau Gazteako ikus-entzuleek erabakiko dute, webguneko bozketan.
Azkenik, Harrobia Saria eskuratu ahal izango dute partaideek. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du.