Perlak taldea hurbiletik ezagutu dugu

Post-punk laukotearekin izan gara Ortuellako “La Balsa”n, eta kontzertu akustikoa eskaini digute. Iluntzean, Gazteako “B Aldea” saioan izango dira aurtengo maketa lehiaketako finalistok.

Besteak beste Joy Divisionen eta The Cureren eragina duen taldeko kideak, beste taldeetan aritu izanagatik aurretik elkar ezagutzen bazuten ere, duela urte bete elkartu ziren lehenengo aldiz, Perlak izeneko proiektu honi hasiera emateko.

Ez zuten Gazteako Maketa Lehiaketan izena emateko asmorik baina, lagunek bultzatuta, parte hartzera animatu ziren azkeneko momentuan. Ezusteko itzela hartu dute epaimahaiak aukeratu dituenean ostiral honetan, maiatzaren 16an, 20:00etan Bilborocken ospatuko den finalean aritzeko.

Gaur Gaztean, Perlak taldea gehiago ezagutzeko aukera izango dugu. Xabier Doncelek eta Ainhoa Urretabizkaiak gidatutako “B Aldea” saioan, 20:00etatik 21:00etara, izango baitira.