Skasti, entzuleen gustukoena
Kresal usaina hartu du Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketako Entzulearen Sariak. Skasti talde zarauztarrak lortu du garaikurra, "Txorimalo" kantuarekin 2.870 boto eskuratuta; hala, 2.000 euroko diru sariaz jabetu dira, eta Bilborocken ospatuko den finalerako txartela lortu dute.
2005ean sortu zen taldea, eta 9 lagunek osatzen dute; bi lan dituzte kalean kostaldekoek. Ainhoa Urretabizkaia eta Xabier Doncel, 'B Aldea'ko aurkezleak, arduratu dira albistea iragartzeaz. Entzulearen Sariaz gain, ordea, gainerako lau finalistak zein diren ere jakinarazi dute. Skastiren atzetik, entzuleen gustukoena izan da Eskean Kristoren ''Zaztamar'' lana (2.618 boto), eta, honenbestez, Gaztearen Maketa Lehiaketa irabazteko hautagaietako bat da taldea.
Gainerako hiru taldeak epaimahaiak aukeratu ditu: Beñat Igerabide, Leyla The Nuit eta Tight Leash izan dira iragazkia igaro dutenak. Aste honetan, horiek guztiak hobeto ezagutzeko aukera izango dugu 'B Aldea' saioan.
Ostiralean, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketako final handia egingo da, Bilborocken: talde bakoitzak emanaldia eskaini, eta orduan hartuko du erabakia epaimahaiak. Lehian gailentzen denak 2.000 euro eramango ditu dirutan, 3.000 euro materialean eta 2013ko Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera izango du. Nork lortuko ote du sari potoloa?