Maketa Lehiaketan aurrera egingo duten musikarien izenak, 'B Aldea'n

Gaur, 21:00etatik aurrera, ezagutuko dugu zerrenda.
Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek aurkezten dute 'B Aldea'.
Ainhoa Urretabizkaiak eta Xabier Doncelek aurkezten dute 'B Aldea'.

Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketa fase erabakigarrienetako batean sartzear da: iritsitako proposamenek lehen iragazkia pasako dute, eta hortik aterako dira aurrera egingo duten 20 taldeen edota musikarien izenak.

Gaur, asteazkena, 'B Aldea'n iragarriko dituzte aukeratutako 20 izen horiek. Gero, bihar, ekingo zaio bozketa faseari, eta apirilaren 22ra arte egongo da zabalik.

Bozketa fasea amaituta, egun horretan, Xabier Doncelek eta Ainhoa Urretabizkaiak iragarriko dute Entzuleen saria norentzat izan den, baita bigarren talde bozkatuenaren izena ere. Gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak jakinaraziko dituzte.

Final handia apirilaren 26an izango da. Bilborock aretoak bi talde edo bakarlari bozkatuenen eta epaimahaiak hautatutako beste hiru taldeen edo bakarlarien zuzeneko emanaldiak hartuko ditu. Kontzertu horietan oinarrituta, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren irabazlea aukeratuko dute epaimahaikideek.

Baina ez gaitezen gehiegi aurreratu. Gaur, 21:00etatik aurrera, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketan lehen iragazkia pasa duten izenak ezagutuko ditugu 'B Aldea'n. Ez galdu!