Bihar hasiko da Gaztearen Maketa Lehiaketaren bozketa

Sari potoloa dago jokoan: 2.000 euro dirutan, 3.000 eurotan baloratutako musika materiala eta Bilbao BBK Liven jotzeko aukera.
Bilborockeko finalean izango da Eskean Kristo taldea, entzuleek hala eskatuta.

Amaitu da abestiak aurkezteko epea, eta Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren bozketa fasea bihar hasiko da.

Bozketa fasea apirilaren 22ra arte egongo da zabalik. Egun horretan, Gaztea Irratiko "B aldea" saioan, Entzuleen saria norentzat izan den iragarriko dugu, baita bigarren talde bozkatuena zein izan den ere. Gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak jakinaraziko ditugu.

Final handia apirilaren 26an izango da. Bilborock aretoak bi talde edo bakarlari bozkatuenen eta epaimahaiak hautatutako beste hiru taldeen edo bakarlarien zuzeneko emanaldiak hartuko ditu. Kontzertu horietan oinarrituta, Gaztearen XXII. Maketa Lehiaketaren irabazlea aukeratuko dute epaimahaikideek.

Iaz Belako taldea izan zen garaile, eta aurretik beste musikari ezagun askok irabazi dute Maketa Lehiaketa: Kerobiak, Seiurtek eta Zea Maysek, besteak beste.

Sariak

Epaimahairen saria lortzen duen taldeak 2.000 euro dirutan eta 3.000 eurotan baloratutako musika materiala jasoko ditu. Horrez gain, Bilbao BBK Live 2013 jaialdian zuzenean jotzeko aukera izango du.

Bestalde, Entzuleen saria eskuratzen duenak 2.000 euro eramango ditu.