“Merezi Ote”, “Basan”, “TXITXARRO”, “Teoria bat” eta “Beste Behin”, kanta onenaren Gaztea Saria jasotzeko hautagaiak
Gazteako epaimahaiak Chill Mafiaren “Merezi Ote”, Olatz Salvadorren “Basan”, SÜNEren “TXITXARRO”, Gorka Urbizuren “Teoria bat” eta Bengoren “Beste Behin” aukeratu ditu 2024ko kanta onenaren kategorian lehiatzeko. Gaztea Sarien gala handia martxoaren 6an izango da, Euskalduna Bilbaon.
Chill Mafiaren “Merezi Ote”
Agur eta Ohore X Allá Va La Despedida Chill Mafiaren azken mixtapea izango da. Oholtzak utziko dituztela iragarri ostean kaleratu zuten bilduma, eta bertan aurki dezakegu “Merezi Ote”. Flako Fonkik abestutako Gontzal Mendibilen klasikoaren bertsioak sekulako ohiartzuna izan du, abestia ezagutzen ez zuen jendeari ezagutzera emateraino.
Olatz Salvadorren “Basan”
Zainak eman diskoko harribitxietako bat da “Basan”. Zalantzari abesten dio Salvadorrek, baita “kaosaren erdian, distantzia hartu eta norberak bere ahots propioa berreskuratzeko” beharrari ere. Abestiaren bideoklipa tarot jaurtialdi batean oinarritu zutela kontatu izan du donostiar musikariak.
SÜNEren “TXITXARRO”
Itziargo artistak baliabide elektronikoak eta trikitixa uztartu ditu Amaineman diskoan. Erakusle argia da “TXITXARRO”, Itziargo dantzaleku historikoari egindako omenaldi txikia.
Gorka Urbizuren “Teoria bat”
Top Gaztearen lehen postuko erregea izan da Gorka Urbizuren kanta, hainbat astez. Disko osoak harrera beroa jaso duen arren, “Teoria bat”ek zaleen zein Gazteako epaimahaiaren arreta bereganatu du, bereziki.
Bengoren “Beste Behin”
Oiartzuar artistaren Belharra diskoaren aurrerapen kanta da “Beste Behin”. Hau ere igaro da Top Gaztearen gailurretik, eta disko berriak suposatu duen aro aldaketaren erakusle paregabea da.