Gazteak Iñigo Muguruza omenduko du Gaztea Sarien galan
Gaztea Irratiak Iñigo Muguruzari omenaldi berezia eskainiko dio gaur Donostiako Kursaaalen antolatutako Gaztea Sarien galan. Ibilbide osoari aitortza saria emango dio Gazteak aurten berreskuratu duen sariketan. Orain dela urtebete utzi gintuen musikariaren alabek jasoko dute garaikurra, Jon Maia bertsolariaren eskutik.
Gaztea irratiko lantaldeak argi dauka omenaldi honek Iñigo Muguruzarentzat izan behar duela, "hainbeste kantu eman dizkigu, hainbeste melodia, hainbeste pentsamendu, hainbeste arte. Gugan jarraitzen duelako forma askotan. Musikari batzuk ez dira desagertzen. Bere kantuetan Iñigo dago eta bere kantuak gugan daudelako. Gaztearen 30. urteurren honetan, gure hasiera Iñigoren ekarpenik gabe ulergaitza litzateke. Hainbeste eman digunari, zerbait itzuli nahiko genioke. Bere "IDEIA ZABALDU" eta merezi duen bezala "SALAM, AGUR" esatea.
Musika ibilbide oparoa
1964ean Irunen jaioa, musikari lotutako familia batean hazi zen Iñigo, Fermin eta Jabier Muguruzaren anai gaztea. 14 urte baino ez zituela abiatu zuen lehen proiektu musikala: Desband. Handik urte batzutara iritsi zen Kortatu taldea, Fermin anaiarekin eta Treku Armendarizekin batera. Estudioko hiru disko eta zuzeneko beste bat atzean utzita, Kortatu deseginda, Nikaraguan ibili zen Iñigo Muguruza denbora batean.