Kylie Minogue, Pulp, Bad Gyal, Michael Kiwanuka, Raye eta Nathy Peluso, 2025eko Bilbao BBK Liven

Jaialdiko antolatzaileek iragarri dituzte 2025eko edizioko lehen izenak. Kartel buruez gain, Ca7riel eta Paco Amoroso, Carolina Durante, BICEP, Amaia, Judeline, The Blessed Madonna, Polo & Pan, Japanese Breakfast eta Carolina Durante ere igoko dira Kobetamendira.
Kylie Minogue

Kylie Minogue, Pulp, Bad Gyal, Michael Kiwanuka, Raye eta Nathy Peluso 2025eko Bilbao BBK Liven izango dira, jaialdiko antolatzaileek iragarri berri dutenez. Uztailaren 10etik 12ra, nazioarteko artistek hartuko dute Kobetamendi, adin eta gustu guztiak aseko dituen kartelarekin.

Aipatutako kartel buruez gain, euren ibilbidearen goia jo duten hainbat izen jakin ditugu. NPRren Tiny Desk kontzertuari esker ezagutu ditugun Ca7riel eta Paco Amoroso argentinar artistak, Bodhira diskoa aurkeztu berri duen Judeline cadiztarra eta BICEPen CHROMA (AV DJ set) izeneko ikuskizun berria.

Belaunaldien arteko konexioa posible egingo duen izarren aldeko apustu argia egin du aurten Bilbao BBK Livek. Kylie Minoguek "Padam Padam" abestuko du Bilbon, baita 30 urteko ibilbidean zehar ondutako beste hainbat klasiko ere. 90eko britpoparen zale sutsuenek ere izango dute euren momentua, Pulpen zuzenekoarekin. Erresuma Batutik atera gabe baina publiko gazteago batekin, Rayek My 21st Century Blues diskoko kantak aurkezteko aukera izango du.

Erritmo urbanoetan, Bad Gyal eta Nathy Peluso izango dira Kobetamendi astintzeko arduradunak. Taupadak jaisteko, Michael Kiwanukaren soul eta folk doinuak, bere ahots hunkigarrian.

Urtero legez, elektronikak izango toki berezia izango du jaialdian. Orbital, BICEP (CHROMA izeneko ikuskizun berriarekin) eta The Blessed Madonna queer kulturaren ikurrak izango dira taula gainean.

Gainera, artista berriak ezagutu eta zure gustuaren mugak zabaltzeko aukera emango du jaialdiak, L’Impératric, Polo & Pan, Amyk and The Sniffers, Fat Dog, Wunderhorse, English Teacher, Jalen Ngonda, Obongjayar, Sofie Royer, Makaya Mc Craven, Alice Phoebe Lou eta Jessica Praten zuzenekoekin.

Hofe X 4:40, Mirua eta Tatta & Denso ere izango dira jaialdian, euskal musikaren ordezkari gisa. Espainiar musikariei dagokienez, Cala Vento, Hidrogenesse, pablopablo, Baiuca, Viva Belgrado, Carolina Durante, Judeline, Rusowsky eta Abhirren izenak iragarri dituzte, oraingoz.

 

Sarreren salmenta

Aurreko edizioren batera joan diren zaleei zuzendutako aurre-salmenta esklusiboa abenduaren 5ean hasiko da. Fan salmentarako erregistroa prest dago jada jaialdiaren webgunean, eta abenduaren 9tik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak. Azkenik, salmenta orokorra abenduaren 11n irekiko dute, 12:00etan.