FKA twigs, Bomba Estereo eta Xabi Bandini, BBK Live jaialdiko iragarpen berriak
Bilbao BBK Live jaialdiak artista gehiago iragarri ditu, egunez eguneko kartelaren berri emateaz gain. Hala, FKA twigs, Bomba Stereo, Xabi Bandini, Perfume Genius, Inhaler, Stella Donnelly, Triángulo de Amor Bizarro, La Bien Querida eta María José Llergo Kobetamendin izango dira 2020ko uztailaren 9tik 11ra.
Baieztapen berri horiekin, jaialdiak aniztasunaren alde egindako apustua berretsi du, orotariko estiloak izango direlako entzungai.
Orain arte iragarritakoak kontuan izanik, 37 dira aurtengo egitaraua osatuko duten izenak. Honela geratu da 2020ko edizioko kartela egunez egun.
UZTAILAK 9, OSTEGUNA
Lehen egunean, Kendrick Lamar ikusteko aukera izango dugu, eta baliteke material berria ekartzea Kobetamendira. Ondoren, The Rapture taldeaz ez ezik, Caribouk disko berriaren zuzenekoa eskainiko du. Gaur iragarritakoaren arabera, Perfume Genius, La Bien Querida eta Stella Donnelly australiarra igoko dira agertokira. Xabi Bandinik, bere aldetik, Biba bakarkako diskoko abestiak proposatuko ditu.
UZTAILAK 10, OSTIRALA
The Killers taldeak, eguneko kartelburuak, lan berria ekarriko du Kobetamendira ostiralean. Bestetik, Supergrass, León Benavente, Whitney, Omago, Dora eta Tommy Cash doinuak izango dira entzungai. Inhaler irlandarrek osatuko dute ostiraleko kartela.
UZTAILAK 11, LARUNBATA
Pet Shop Boysen zuzenekoaz gain, jaialdian gehien espero diren kontzertuetako batzuk larunbaterako utzi dituzte antolatzaileek; Bad Bunny, besteak beste. Puerto Ricoko musikaria, estilo latinoaren etiketa gaindituta, mundura hedatzen ari da bere proposamenak. FKA twigs izango da gaueko beste proposamenetako bat, Tahliah Barnetten ahotsarekin.
Halaber, El Columpio Asesino taldeak ere joko du Kobetamendin larunbatean. Gainera, otsailerako disko berria iragarri duenez, uztailean zuzenean entzuteko aukera izango da. Azkenik, Triangulo de Amor Bizarro eta Maria Jose Llergo iragarri ditu gaur jaialdiak.
Basoa eta Lasai guneetako egitarauaren zain, oraindik sorpresa asko ditu gordeta Bilbao BBK Live jaialdiaren 15. edizioak.
Aurreko urteetan bezala, kanpalekua egongo da Arraiz mendiak, kanpotik datorren jendearentzat.
Sarrerak eta bonuak salgai daude
Bonua: 140 euro (+ gastuak)
Bonua + kanpalekua: 158 euro (+ gastuak)
Eguneko sarrera: 60 euro (+ gastuak)
Salmenta: bilbaobbklive.com
Lehen 1.000 bonuek 16 euroko Kutxabank deskontua izango dute, eta eguneko lehen 200 sarrerek, 10 eurokoa.
Erosteko unean indarrean dagoen prezioari egingo zaio deskontua. Kutxabank kutxazainetan eta webgunean daude eskuragarri.