Gazteak jarraipen berezia egingo dio Bilbao BBK Live jaialdiari
Kobeta mendian etenik gabe ari dira lanean Bilbao BBK Live jaialdia iristerako dena prest egon dadin. Bitartean, Gaztearen erredakzioan buru-belarri gabiltza, aipatu jaialdiari azken zertzeladak ematen, dela webgunerako edukiak prestatzen dela irratirako saioak lotzen. Izan ere, uztailaren 6tik 8ra, jarraipen zabala egingo diogu Bizkaiko musika jaialdi ezagunenari.
Alde batetik, BBK Live dela eta atondutako webgune berezian, kontzertu gehienetako bideoak izango dituzue ikusgai, baita giroa zein zuzenekoetako unerik onenak islatzen dituzten argazkiak ere. Hori gutxi ez eta, jaialdiari buruzko albiste interesgarrienak jasoko ditugu bertan, egunez eguneko egitarauaren berri emateaz batera.
Bestetik, esan gabe doa irratiak ere gertutik biziko duela jaialdia. Igande honetan bertan, 'B aldea'k saio berezia egingo du, 21:00etatik 22:00etara, Bilbon ostegunetik aurrera arituko diren taldeen abestiekin soinu-banda osatzeko.
Gainera, jaialdiak dirauen bitartean, Ibon Fernandezek eta Julen Idigorasek ordutebeteko saio berezia izango dute gauero, 21:00etan hasita.
Urtero bezala, irratiko gainerako saioetan ere adarretatik eutsiko diote Kobeta mendiko hitzorduari. Hala, tarteka konexioak egingo dituzte, entzuleak BBK Liven gertatzen ari denaren lekuko izan daitezen.
Azkenik, ez ahaztu gure sare sozialetan ere oihartzun zabala izango duela jaialdiak. Horrenbestez, bertara ez doanak, ez du aitzakiarik edukiko hamabigarren edizio hau bete-betean eta hurbil-hurbil sentitzeko.