Years & Years talde britainiarra Bilbao BBK Live jaialdian izango da
Years & Years pop elektronikoko talde britainiarrak Bilbao BBK Live jaialdiaren hamaikagarren edizioan joko du, 2016ko uztailaren 7, 8 eta 9an, Pixies, New Order, M83, Father John Misty, José González, Courntey Barnett eta WAS taldeekin batera, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Elektronika, soul, r&b eta pop doinuen nahasketa eta Olly Alexander abeslariaren ahots berezia dira horren arrakastaren gakoak, jaialdiaren arduradunen esanetan. Europako jaialdirik garrantzitsuenetan aritu dira dagoeneko hiru gazteok.
Taldeak bost EP argitaratu ditu, kontzertu mordoa eman du eta Europan bira bat egin du Sam Smithek gonbidatuta. Ekainean, BBC Sound of The Year Poll 2015 izendapena jaso zuen, urtero Erresuma Batuan proiekzio handiena duen artista nabarmentzen duena.