The Black Keysek itxiko du Bilbao BBK Liveko edizio jendetsuena

Band of Horses, MGMT eta La M.O.D.A dira gaur arituko diren beste taldeetako batzuk. Euskal musika, Belakoren eta Smoke Idols Gazteako Maketa Lehiaketaren irabazleen eskutik helduko da.

Hiru egun labur gelditzen dira, batez ere, duela pare bat egun, kanpin-denda bizkarrean hartuta Kobeta mendira igotzeko irrikaz zeudenentzat. Tamalez, Bilbao BBK Live jaialdiak ere bukaera dauka, eta datorren urtean berriro munduko musika talde garrantzitsuenekin hitzordua duen arren, aurtengo edizioari agur esateko ordua iritsi da.

Aurretik, ordea, hirugarren eta azken egunaz gozatzeko aukera izango du publikoak. Gaurko egitaraua gainera, ez da nolanahikoa izango, blues rock musika jorratzen duen The Black Keys bikote estatubatuarra marka guztiak hausteko prest helduko baita BBK Liveko lehenengo agertokira.

Lau urte besterik ez dira igaro The Black Keys gertutik ezagutu genuenetik, baina nahikoa denbora izan da arrakasta lortzeko. 2010ean kaleratutako Brothers diskoak ospearen bidea zabaldu zien Akron hiriko bi musikari hauei. 00:10ean aterako dira oholtza gainera, The Lumineersen kontzertuaren ostean.

Gaurkoan baita, besteak beste, Band of Horses, MGMT eta La M.O.D.A taldeen emanaldiak hartuko ditu Bilbok. Bestalde, ezin aipatu gabe utzi, oraingoan euskal doinuak Belakoren eta Smoke Idolsen eskutik helduko direla.

Aurreko bi egunetan bezala, 17:00etan irekiko dituzte jaialdiko ateak, eta ordu erdi geroago emango diote hasiera estreineko emanaldiari. Jai giroa, ostera, goizera arte luzatuko da, 07:00ak jota itxiko baitute aurtengo edizioa.

Hurrengo edizioa

Edizio hau bukatu eta batera, antolatzaileek lanari ekingo diote berriz, hamargarren edizioa prestatzeko. Bizkaian egiten den musika jaialdi garrantzitsuena ezustekoz beteta etorriko da 2015ean, hamar urte ez direlako egunero betetzen.

Uztailaren 9tik 11ra bitartean egingo dute Bilbao BBK Live 2015, eta bonuak salgai daude dagoeneko.

Neurri bereziak

Kobeta mendian bilduko diren 120.000 pertsonei zuzenduta Bilboko Udalak martxan jarritako operatibo berezia gaur bukatu da.

Hirugarren egunetan ere, autobus zerbitzu bereziak egongo dira. Une oro, San Mamesetik eta Barakaldotik, Kobetara doazen autobusak aterako dira. Autorik ezingo dira handik pasatu (bizilagunenak salbu).

Gaurko kontzertuen ordutegiak

1 Agertokia

18:20-19:00 Elliott Brood

20:00-20:50 Los Enemigos

22:15-23:45 The Lumnieers

00:10-01:40 The Black Keys

2. Agertokia

17:30-18:15 Smoke Idols

19:05-19:50 Skaters

21:30-22:05 Band Oh Horses

01:45-02:55 MGMT

3. Agertokia

17:45-18:20 The Rebels

19:05-19:55 Belako

20:55-21:55 Kuroma

01:35-02:55 La M.O.D.A

03:00-04:20 Eme Dj

04:20-05:40 John Tallabut Dj Set

05:40-07:00 Wldw

4. Agertokia

18:20-19:05 MAJESTAD

20:00-20:45 Fira Fem

5. Agertokia

03:00-04:20 Kresy

04:20-05:40 Headbirds

05:40-07:00 Cardopusher